Aurten ere txosnagunea prest izango da herriko jaiak hartzeko, eta eguenean, uztailaren 17an, arratsaldeko zazpietan irekiko ditu ateak, zapatura arte.
Hain zuzen ere, bezperan muntatuko dute, uztailaren 16an, arratsaldean. Txosna Batzordekoak buru-belarri ari dira dena prestatzen, eta, txosnagunea muntatzeko, herritarrei laguntza eskatu diete. "Zenbat eta jende gehiago egon, orduan eta azkarrago bukatuko dugu prestaketa, eta dena antolatuko dugu hobeto", adierazi du Zumaia Elkorok, Txosna Batzordeko kideak.
Jaien aurretik egiten den antolakuntza osoa ere zaila dela aitortu du Elkorok, eta, jaietan zehar egin beharrekoak ere alde batera utzi gabe, batez ere txanden antolaketa. Txandei dagokienez ere, zenbat eta boluntario gehiago egon txandak orduan eta laburragoak izango direla uste du. Txosnetako lana errazteko asmoz, aurten ere edariak ezingo dira diruz ordaindu; txartelak aurrez erosi beharko dira, horretarako jarriko duten makinan, eta ondoren txosnan aurkeztu.
Eraso sexisten aurkako protokoloa ere martxan izango dute jaiek irauten duten egunetan; hala, erasoren bat jasaten duena txosnagunera joan daiteke, eta bertan arduraduna arduratuko da protokoloa abian jartzeaz.
Kontzertuen egitaraua
Txosnaguneak ere bere musika eskaintza izango du. Uztailaren 17ko gaua DJ Xuguxek (01:00) girotuko du. Biharamunean, Andriginaren drag show-a (22:00) izango da, eta ondoren, Olgetan taldearekin erromeria (23:30). Uztailaren 19an, iluntzea Lasko txarangak (20:30) girotuko du, eta gauean, The Clayton (22:30), The Keller's (23:45) eta DJ Maikiño (01:00) arituko dira.