Edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz jardutea du asmotzat Gipuzkoa Arigune egitasmoak, eta hor murgilduta dagoen herrietako bat da Antzuola. Herritar talde bat buru-belarri dabil helburu hori gogoan izanik, eta, azterketa komunitario bat egin ondoren eta herriko egoeraren inguruko mapa bat osatu ostean, uler-saioak martxan jartzeko unea dela erabaki dute. "Euskaraz aritzeko modu bakarra denok euskaraz ulertzea da, eta ekimen hori horretarako da", adierazi du Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak.
Datorren ikasturtearen hasieran hasiko dira euskara ulertzera iristeko saioak, eta irailaren 22an egingo dute aurkezpen ofiziala. Euskaraz oso gutxi edo batere ulertzen ez duten herritarrei daude zuzenduta saio horiek, eta lotura honetan eman daiteke izena. "Hainbat talde osatuko dira, eta helburua da gehienez ere 120 ordu eginda euskara ulertzeko gai izatea; astean pare bat saio egingo dira, bi ordukoak. Hori horrela, hiru hilabetean saioak bukatuta izango dituzte", azaldu du Lezetak, ikasteko era ahozkoa izango dela erantsita. Halere, bide horretan egin beharreko lana ez da soilik euskaraz ez dakitenena: "Euskaldunok ere gure lantxoa egin beharko dugu: uler-saioetan ari direnei poliki hitz egin behar diegu, eta, hala, zenbat eta gehiago egin euskaraz, haiek ere orduan eta hobeto menperatuko dute hizkuntza". Horretarako, AEK-ko irakasleak izango dituzte alboan.
Kontzientziazioa landu nahia
Lezetaren hitzetan, gehienbat kontzientziazioa lantzeko asmoa dute egitasmoaren bueltan dabiltzan antzuolarrek, "kontzientziaziorik ez badago gainerako ekimen guztiak alferrik" direla iritzita: "Indar handiagoa dauka espainierak, nabarmen, eta beti aritu behar dugu lanean. Euskararen garrantziaren kontzientziaziorik ez badaukagu, indar handien duenak irabazten du; gure kasuan, espainierak. Eta, gainera, aspaldi honetan euskararen aurkako oldarraldi judiziala nolakoa den ikusita, euskara mantendu edo hitz egin beharraz eta garrantziaz ez bagara ohartzen, laster galduko da Europako hizkuntza zaharrena: gure hizkuntza".
Hala, hori gogoan izanik, lehendabiziko pausoa uler-saioak egitea bada ere, beste lanketa batzuk egiteko asmoa dute; esate baterako, gurasoekin ekimenak martxan jartzea. Dena den, elkartzen jarraituko du lantaldeak ondorengo zereginak zehazteko.