Betiko buruhandiak dira, baina itxura berriarekin, Maitere Urrestarazuk eta Estitxu Otaegik eginiko lanari esker. Eskulanen ikastaroan aritu dira jardun horretan igaro berri den ikasturtean, Udalari proposamena eginda. "Iaz, jaien bezperan, buruhandiak irten ziren kalera, baina txikituta zeudela ikusi genuen, eta alabak esan zidan ekintza polita izan zitekeela eskulanetarako; zinegotzi bati komentatu nion, eta baiezkoa jaso nuen", adierazi du Urrestarazuk. Hala, buruhandiak konpontzeari ekin zion, baina "uste baino lan gehiago" zen, eta gutxira batu zitzaion Otaegi: "Pixka bat larritzen hasia zegoela ikusi nuen, buruhandi asko zeudelako eta festek gainera etorri behar zutelako, eta hari laguntzea erabaki nuen, ez baineukan beste proiekturik esku artean".
Elkarren arrimura egin dute lan, eta buruhandi guztiak –lau handi eta lau txiki– konpondu dituzte, azkenerako. "Oso puskatuta zeuden, eta zaharberritzea izan da lehen pausoa: masa bat erabili dugu forma emateko, eta, ondoren, zuriz pintatu ditugu, gerora koloreak gehituta, jatorrizkoak mantendu nahian, distira handiagoa eman diegun arren". Are gehiago, janzteko orduan sorbaldetan minik har ez dezaten tapaki batzuk jarri dizkiete.
Emaitzarekin "gustura" daudela azaldu dute biek, eta iraupena dutela ardura: "Pixka bat gehiago irauten badute, gustura geldituko gara, bestela ere ez baitzeuden erabiltzeko moduan. Egia da herriarendako lan bat izan dela, baina guretako, pertsonalki, denbora pasatzeko ekintza bat izan da, eskulanetan egiteko proiektu bat".
Udala, eskertuta
Udalak bazekien zein zen buruhandien egoera –2000ko hamarkadaren hasierakoak dira gehienak–, eta berriak egitea zuten buruan. Halere, Urrestarazuren proposamena iritsi zitzaienean ez zuten inolako du- darik izan, Kultura teknikari Jone Larrañagaren hitzetan: "Ideia ona iruditu zitzaigun genituenak birziklatzea; bagenekien lan oso ona egin zutela, baina, azkenean, bikaina izan da! Zoragarri gelditu dira, eta dena dugu eskertzeko". Gainera, buruhandien arropak ere berreskuratu ditu Udalak, eta, txukunketak egin ondoren, erabilgarri egongo dira herriko jaietarako.
Buruhandien jokaerak aztergai
Buruhandiek izan beharko luketen jokatzeko erarekin kezkatuta dago Udala, eta prozesu batean murgilduta egon da igaro berri den ikasturtean, Antzuola Herri Eskolarekin, Jone Larrañaga Kultura teknikariaren hitzetan: "Ikasleekin landu dute gaia gelaz gela, nolako buruhandiak nahiko lituzketen galdetuz, eta ondorioa izan da gaizki pasatu ohi dutela herriko buruhandiekin, eta aldatzeko beharra dagoela; hala, batzar bat egin genuen eskolako umeek, zuzendaritzak, Udalak eta kintoek –eurak dira buruhandien arduradunak–, eta esponja berri batzuk jarriko dira". Horrez gain, jakinarazi dute umeendako segurtasun-gune bat egongo dela: "Zehazki, Herriko Plazan jarriko den oholtza. Buruhandiak jakinaren gainean daude ezin direla hara joan, umeen babesgunea delako".