Handik hona

Suhany Isela Andrade: "Itzultzen banaiz, han geratzeko edo alaba ekartzeko izango da"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko eka. 30a, 08:17

Suhany Isela Andrade, astelehenean, Antzuolako Torresoroaren aurrean. (Argazkia: I.A.A.).

Duela urte eta erdi heldu zen Suhany Isela Andrade (Tegucigalpa, Honduras, 1995) Euskal Herrira, eta abendutik bizi da Antzuolan.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Hiriburuan jaio arren, Montaña de Azacualpa izeneko herritxo batean hazi nintzen. Lau neba-arreba gara, eta ni bigarrena naiz. 5 urterekin hasten zara eskolan han, eta ordura arte jolastu besterik ez genuen egiten. Eskola gure etxetik oso gertu zegoen. Bigarren Hezkuntza amaitzeko Tegucigalpara joan behar duzu, eta halaxe egin nuen. Gurasoek ez zuten baliabiderik gure ikasketak ordaintzeko, eta lanean hasi nintzen.

Zertan?

Lan pila izan nituen: telefono bidezko inkestak, arropa-denda batean, jatetxe batean... Ez naiz kexatzen nire iraganaz. Haurtzaro polita izan nuen.

Zergatik joan zinen Hondurastik?

Bikotekidea eta 8 urteko alaba ditut. Etxe bat genuen herrian. Lana utzi nuen alabak urtebete zuenean, ez nuelako norekin utzi. Bikotekideak egiten zuen lan, baina, langabezian geratu zenean, soroan hasi zen lanean. Ikusi genuen egunean egunekoarekin bizi ginela, ordea. Horrela lau urte igaro genituen. Beti nahi izan dugu geure negozio propioa zabaldu: gozoki-denda bat. Hitz egin genuen, eta erabaki genuen ni hona etorriko nintzela eta hura Ameriketako Estatu Batuetara joango zela. Han jarraitzen du. Jarri nuen baldintza izan zen gure alaba nire gurasoekin geratuko zela, eta bikotekideak babestu egin ninduen. Bagenekien ondo zainduta geratuko zela.

"Hondurasko txarrena da jendeak koloreagatik bozkatzen duela"

Nolakoa izan zen orduan 6 urte zituen alaba Hondurasen uztea?

Oso zaila. Horregatik esaten dut hara itzultzen banaiz han geratzeko edo alaba ekartzeko izango dela. Berriro agur esan beharrik ez dut nahi. Bideo- dei bidez ikusten dut, baina ez dago nik utzi nuen bezala. Ia bi urte gehiago ditu. Alabari etorkizun hobea eta egonkortasuna emateko da. Ez dut nahi etorkizunean nire egoera berean egoterik. Amak esan zidan erabakia buru hotzarekin hartzeko, erabakiak ez baitzuen atzera- bueltarik. Gastu bat da.

Alabak ulertzen du zu hemen egotearen zergatia?

Bai. Gainera, irakaspena eman zigun. Aparteko jarrera erakutsi du. Egun berean aita eta ama agurtu zituen. Nire ama negarrez, eta gure alabak esaten zion negarrik ez egiteko. Ondo egongo nintzela, eta deituko niela egunero.

Zumarragatik Antzuolara; zergatik Antzuola?

Gomendatu egin zidaten. Ordezkapenak egiten nituen, eta beste emakume batek esan zidan hona etortzeko. Hasieratik esan zidan Zumarraga eta Legazpi baino herri txikiagoa zela. Guk erositako oilaskoa esaten dugu pertsona bat leku berri batera heltzen denean, eta halaxe sentitzen nintzen; orain ondo nago.

Nola definitzen dituzu hondurastarrak?

Berritsuak garela esango nuke, lagunkoiak. Lagunak erraz egiten ditugula uste dut. Alaiak gara. Esaera batek esaten du: Hondurastar bat dagoen lekuan ez dago aspertzerik. Musika onak ditugu. Punta Catracha izeneko dantza daukagu.

Kultura ezberdintasunik antzematen duzu?

Bai, dezente. Familiari esaten diot 21:00-22:00 aldera kalean lasai ibili naitekeela. Seguru sentitzen naiz. Han herrietan ere bai, baina hirian ez.

Nolakoa da Tegucigalpa?

Hiriburu polita da, baina esango nuke garbitasun gutxi dagoela. Hona etorrita ikusten duzu dena garbi dagoela, ez dagoela zaborrik lurrean. Han ez. Hainbeste latinoamerikar hona etorri eta errespetatu egiten dugu garbitasuna, baina gure herrialdean ez. Ez dut ulertzen.

"Nire herrialdea maite dut eta harro esaten dut hondurastarra naizela"

Segurtasun eza aipatu duzu.

Delinkuentzia asko dago. Lan gutxi dago, eta bilatzea nekeza da. Jendea errazera joaten da, eta gazteak txikitatik sartzen dira delinkuentzian eta droga kontsumoan.

Agintariei dagokienez, ze iritzi daukazu hondurasko egoera politiko-ekonomikoari buruz?

Benetan esan behar badizut, nik nire herrialdea maite dut, eta harro esaten dut hondurastarra naizela, baina agintariak txarretik okerrera doaz. Ez dute herritarrengan pentsatzen, eta esango nuke Hondurasko txarrena dela jendeak koloreagatik bozkatzen duela. Batzuek esaten dute txikitatik nazionalistak direla, eta, politikari ustela izan arren, hura bozkatuko dute.

Zer igartzen duzu faltan?

Familiaz gain, janaria. Hemengo klima gustatzen zait.

Etrokizunerako zein plan dituzu?

Espero dut nire negozioa zabaltzea Hondurasen. Itzultzekotan ez naiz bisitan joango, han geratzeko edo alaba ekartzeko baizik. Ezin dut onartu alabaren bizitzako hainbeste urte galtzea. Ez dut nahi hara joan 20 urte dituenean.

Gertu ikusten duzu?

Ez. Hutsetik hasi behar dut han: etxea eraiki, gastuak... Baina aurrera egin behar da.

Euskal Herrira etorrita ezagutu du euskara, eta badu ikasteko asmoa

Edukazio handikoak, jatorrak eta adeitsuak iruditzen zaizkio Suhany Isela Andraderi euskaldunak: "Agurtu egiten zaituzte ez ezagutu arren. Askotan, gu, herrialde berekoak, gurutzatzen gara kalean eta ez diogu elkarri kasurik egiten". Gustura aritzen da euskaldunekin berriketan, eta iruditzen zaio haiek ere horrela egoten direla.

Ez zuen uste Euskal Herrian euskaraz hitz egiten zenik, eta arraroa egin zitzaion jendea gaztelania ez den hizkuntza batean entzutea. Hitz gutxi batzuk badakizki dagoeneko, eta badu asmoa denborarekin euskara ikasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak