Nahia Garaikoetxea eta Ainhoa Etxezarreta: "Proiektu pertsonal eta ezberdina sortu dugu"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 23a, 17:13

Ezkerretik eskuinera: Barandiaran, Rivela, Etxezarreta, Irizar eta Garaikoetxea. Irudia: Kiimak.

Denboraren lehia izeneko diskoa ondu du Kiimak taldeak, eta bihar aurkeztuko dute, Torresoroan. Zazpi abestik eta olerki batek osatzen dute lana, eta hutsetik sortua da

2020an egin zituzten lehen urratsak Kiimak taldea sortzeko Nahia Garaikoetxea (gitarra eta ahotsa) eta Ainhoa Etxezarreta (ahotsa) antzuolarrek. Hala ere, aldaketarako "gogoz" zeuden iaz, eta taldekide berriak batu zaizkie proiektura: Manex Rivela (bateria eta perkusioa), Aimar Barandiaran (pianoa) eta Ane Irizar (baxua). Bihar aurkeztuko dute euren lehendabiziko diskoa, Torresoroa aretoan, 20:30ean: Denboraren lehia.

Hilaren 15ean argitaratu zenuten diskoa; harrera ona izan al du?

Egia esanda, oso-oso eskertuta gaude gure proiektuak izan duen harrerarekin, izugarrizkoa izan baita. Gertuko jende ugarik idatzi digu zoriontzeko; oraindik ez gara kontziente. Hainbeste denbora lanean ibili ondoren egindako lana baloratua izateak eta zoriontzeak ez du preziorik.

Zer aurki daiteke diskoan?

Zazpi abestik eta olerki batek osatzen dute, eta guztiak dira etxean sortuak, norbere bizipen eta gogoeten islatzat. Pop eta blues musika generoak presente daude diskoan, baina abesti bakoitzak estilo eta istorio propioa du. Espero dugu hitz bakoitzarekin publikora heltzea.

"POP ETA BLUES MUSIKA GENEROAK PRESENTE DAUDE DISKOAN, BAINA ABESTI BAKOITZA ESTILO ETA ISTORIO PROPIOA DU"

Olerkia aipatu duzue; horrek ematen dio diskoari izena, ezta?

Bai, izen berbera du, guztiok baikabiltza, modu batera edo bestera izan, denborarekin lehian. Txikitan handi izatera jolasten gara, gaztetan ez dugu baloratzen daukagun guztia, eta zahartzen goazen heinean, berriz, txiki zein gazte gineneko momentuak gogoratzen ditugu. Baina bizitzako garai bakoitza bere osotasunean bizi beharko genuke, lehen ginenari eta aurrerantzean izango garenari hainbeste buelta eman gabe.

Kasu honetan, gazteak zarete; hortik idatzi al duzue disko hori?

Bai; hainbat belaunaldiri begiratu eta erreferentzia eginez. Txiki gineneko inozentzia, gaztetako algarak eta zahartzean lortutako jakinduria bildu nahi izan ditugu. Zahartzeak bizirik gaudela adierazten du, milaka oroitzapen eta momentu bizi izan ditugula. Beraz, aipaturiko olerkiak dioen eran: Guztiok egin beharko genuke hautu: goiz zendu edo luzaroan zahartu.

Lehendabiziko diskoa, eta hutsetik sortua; nolako lana izan da?

Ez da erraza izan. Sarritan, pentsatzen dugu musika sortzearen lan bakarra abestiak estudio batean grabatzea dela, baina ez da hala: kanta bakoitzaren atzean izugarrizko lana dago. Denboraren lehia diskoko olerkiaren eta abestien sorkuntza-prozesua luzea izan da, hainbat galderarekin: ea zer kontatu nahi genuen, nola kontatu nahi genuen, nola iritsiko ginen publikoarengana. Lan handia da abestien hitzak idaztea, instrumental osoa egokitzea eta grabaketa prozesua aurrera eramatea.

Horretarako, izan al duzue erreferenterik edo?

Ez, prozesu osoa lehen eskutik bizi izan dugu, inolako eredu edo kopiarik jarraitu gabe. Garbi dago lan guztia norberak egitea zailagoa dela, baina proiektu pertsonal eta desberdina sortu dugula uste dugu; zalantzarik gabe, merezi izan du mimoz eta patxadaz egindako lan guztiak.

Bikote izatetik boskote izatera igaro zarete.

2020an hasi ginen kontzertuak akustikoan egiten elkarrekin, baina, lau urtez oso gustura eta eskertuta ibili ondoren, aldaketarako gogoa eta beharra sumatu genuen. Taldekide berrien bila hastea erabaki genuen, musika benetan maite duten musikariak bilatzen; azkenean, Manexek, Anek eta Aimarrek izaera berria eman diote taldeari. Musikari izateko jaio dira hirurak!

"PROZESU OSOA LEHEN ESKUTIK BIZI IZAN DUGU, INOLAKO EREDU EDO KOPIARIK JARRAITU GABE"

Bada, nolakoa da taldearen izaera? Nola moldatu zarete?

Hasieratik ulertu genuen elkar. Eurak izan dira Kiimak taldeak behar zuen aldaketa. Ane ezagutzen genuen aurrez, eta hark, berriz, Manex eta Aimar. Iazko Antzuolako jaietan elkartu ginen lehen aldiz, txosnetan, eta abuztu amaieran hasi genituen entseguak. Horrenbestez, herriko jaiak eta Ane izan dira honen guztiaren hasiera.

Herrian egingo duzue estreinaldia; gogotsu al zaudete?

Bai; baita urduri ere: barruak mugitzen dizkigu, eta ez gutxi. Herrian egin beharreko ekitaldi baten harira sortu zen Kiimak, eta hasieratik izan dugu herritarren laguntza eta babesa; hala, eskerrak eman nahi dizkiegu bidean lagundu eta animatu gaituzten guztiei. Orain, publikora heltzea eta kontzertuaz guztiok gozatzea dugu helburu, eurek Kiimak ezagutzea; horretarako, kontzertuaren hasiera nahiko berezia izango da, eta amaiera ere halakoa izatea nahi dugu; baita intimoa ere.

Bergaran arituko zarete hurrena, baita Seguran ere.

Ekinez jaialdiaren aurkezpenean izango gara, Bergaran, hilaren 29an; izugarrizko aukera da guretzat. Seguran, berriz, ekainaren 13an, eta Manex eta Ane segurarrak izanik oso kontzertu berezia izango dela uste dugu.

Ba al duzue besterik zehaztuta?

Proiektu honekin aurrera egiteko eta sorkuntza berriak aurkezteko gogotsu gaude, musika eskainiz eta musikaren eskutik hainbat lekutara heltzeko. Abesti berriak ere izango dira, bata edo bestea kolaborazioren batekin. Besterik gabe, euskal musikal musika publikoarekin eta publikoarentzat sortu eta gozatzea dugu helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak