Euskaraldiaren Antzuolako batzordeko kide den Joxean Ugarteburuk hartu du hitza ariketa sozialaren pregoia emateko: "Euskararen aldia egunez egun, ekinez transmititzen da etorkizunera. Pasioa, abentura, ahalegina, poza, grina eta kemena dira euskara. Asko egin dugu eta gehiago egiteko prest gaude. Biziberritzeak mugimendua behar du. Gure txikian handia egingo dugu beste behin ere; euskaldunok ere badugu tokia munduan, bagara nor", aipatu du, besteak beste.
Txaparen "superbotereari" ere egin dio erreferentzia: "Ez da txapa sinple bat, adorea ematen dizu, entzumena ernatu, aldamenekoa eta zu babestu. Hizkuntza bezala, magikoa da. Ilusioa pizten du, aldartea puztu eta komunitatea poztu".
"Gora euskara, gora euskaraduna, gora Euskaraldia!" esanez borobildu du hitzartzea, eta jarraian txupinazoa bota dute batzordeko kideek.
Datorren astean ere ekitaldi gehiago garatuko dira Antzuolan, Euskaraldiaren baitan.