Euskaraldia 2025

Mikel Bargiela: "Hika egunerokoan gehiago txertatzen lagunduko dit"

Hasier Larrea 2025ko mai. 19a, 15:00

Antzuolan ere euskararen erabilera indartu egin behar dela uste du Antzuolako Euskaraldia batzordeko kide Mikel Bargiela Iparragirrek, ezagutza aldetik "ondo" mantendu arren erabilerak "azken urteetan behera" egin duelakoan.

Joera hori zergatik izan daitekeen galdetuta, erantzun du faktoreetako bat izan daitekeela "lagun taldeetan liderrek gehiago markatzea hizkuntza portaera beste batzuek baino".

Ingeniari elektronikoa lanbidez, "sarri" egiten duen akats bat ekarri du gogora: "Norabait joan eta itxuraz euskalduna ez den norbaiti lehen hitza gazteleraz egitea, baina, agian, euskalduna da".

Hikan sakontzera

Ahobizi-a izango da aurten ere, eta, nobedade gisa, hika jardungo du. Hizkera horrek badu berezitasunik: "Badu zerbait pertsonala, zeren eta batzuekin bai, baina beste batzuekin ez zait irteten, adina delako, konfiantza, edota generoa...". Horri tiraka, "normalean hika mutilekin" egiten duela adierazi du, eta ez horrenbeste neskekin, "nahiz eta txikitan amarengandik entzuten hasi eta arrebarekin ere hika erabili".

Beraz, aurtengo Euskaraldia "hesi hori apurtzeko" ondo etorriko zaiola espero du. "Hitanoaren gramatikari emango dizkiogu zartada batzuk, askotan adineko jendearengandik errieta txiki batzuk entzuten ditugu eta. Hala ere, inportanteena hobetzen saiatzea da. Ea hika egunerokoan gehiago txertatzen laguntzen duen ariketak. Ingo jonau!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak