Gazte gara gazte

Kepa Altube: "Jendeak ez du guztiz ezagutzen ehizaren errealitatea"

Julen Murua Mesonero 2025ko mai. 9a, 13:00

Kepa Altube Miner, ehiza-txakurrekin.

Mekanizazioko goi-mailako zikloa egin eta fabrikan lanean ibili eta gero, Antzuolako Udaleko brigadako langilea da Kepa Altube Miner (Antzuola, 1999). Lanetik kanpo, mendian ibiltzea gustuko du, baita ehizan egitea ere; bereziki, oilagorretan.

Fabrikan lanean ibiltzetik, brigadara; nolatan aldaketa hori?

Bizitzak ematen dituen bueltetako bat dela esango nuke. Lau urtez egon nintzen fabrikan, eta kasualitatez hasi nintzen brigadan. Batere esperantzarik gabe apuntatu nintzen lorezain eta bestelako kontu batzuetan jarduteko lan-poltsara, eta hartu egin ninduten.

Zure ikasketekin zerikusirik ez duen zerbaitetan, gainera, ezta?

Egia da, baina beti ibili naiz baserrian txapuzak egiten, eta hasieratik eskua hartuta izan dudala esango nuke.

Nolakoa da brigadako lana?

Lorezain-lanetan ibiltzen naiz gehien, baina, hala ere, beste esparru batzuetan laguntzea ere tokatzen zait batzuetan. Eguneroko lana izaten da, eta are gehiago udaberrian; belarra etengabe hazten ari dela ematen du. Lanik ez zaigu falta inoiz.

Lizarraga auzoan bizi zara; mendia gertu izatea eskertu egiten duzu?

Arnasgune bat bezala da niretzat. Elkarrizketako galderak erantzuteko ere mendira etorri naiz; kar-kar. Ez dut imajinatzen nire bizitza menditik urrunduta; txikitako jolastokia eta gaur egungo bizitokia da niretzat.

Ehizan ere bazabiltza; hainbat polemika sortu dituen sektorea.

Polemika asko egon da, eta polemika asko egongo dela uste dut. Ez dut nahi askorik busti, baina uste dut jendeak ez duela guztiz ezagutzen ehizaren errealitatea. Ni basurdetan ez naiz ibiltzen, baina izugarria da azkenengo urteetan ehizan ez egin ostean zenbat basurde ikus daitezkeen etxe inguruetan. Arazo handia izango da baserritarrentzat, baina baita herriguneko pertsonentzat ere.

Oilagorretan ibiltzen zara, baina orain ez da sasoia.

Oilagorren sasoia urritik otsailera izaten da, eta orduan buru-belarri ibiltzen naiz. Usoak harrapatzen ere gustura ibiltzen naiz; naturaren espektakulu bat iruditzen zait; ez usoa harrapatzea, hori bigarren mailako kontu bat da eta. Oilagorretan, esaterako, gehien gustatzen zaidana da txakurrekin dudan harremana; oilagorra harrapatuz gero, ondo; baina harrapatzen ez baduzu, hobeto, hurrengo egunean ere hor egongo da eta. Ehizako denboralditik kanpo, plater tiroketa egitera ere joaten naiz, baina oso noizbehinka.

Utziko zenuke brigadako lana lehenengo sektorean lanean hasteko?

Ez dizut ezetz esango, bizitzak bira asko ematen dituelako, baina, oraingoz, ez da nire planen barruan sartzen, laster brigadako posturako oposizioak prestatzen hasiko naiz eta.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Ziza-nahaskia.

Bailarako mendi bat? Irimo.

Bidaiatzea ala herria zaintzen gelditzea? Biak gustatzen zaizkit.

Musika estilo bat? Punk-rocka.

Parrandan edateko zer? Garagardoa.

Antzuolako toki bat? Azkueko zelaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak