David Deogracias: "Askok flipatu egin dute marraztu egiten dudala jakin dutenean"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko api. 14a, 09:26

David Deogracias antzuolarra, Aitz Garbi tabernan, joan den astean. Irudia: Goiena.

Jendearen argazkiak hartu eta marrazteari ekin zion konfinamenduan Deograciasek; batik bat, akuarelekin. Oraintsu, Kordoban izan da, nazioarteko jaialdi batean.

Konfinamenduan hasi zen lehen marrazkiak egiten David Deogracias (Antzuola, 1976); ordutik, dozenaka egin ditu, eta Aitz Garbi tabernan daude ikusgai horietako batzuk.

David, atzean ditugu zure lanak; nolako harrera izan dute?

Askok flipatu egin dute marraztu egiten dudala jakin dutenean. Gustatu zaizkiela esan didate, eta ni ere gustura.

Noiz hasi zinen lan horiek egiten?

Duela bost urte, nire kabuz. Beti eduki dut gogoa, baina ez dut sekula egin. Hala ere, hainbeste denbora eduki genuen orduko hartan, argazkiak hartu eta jendea marrazteari ekin nion. Liburu bat ere erosi nuen. Arkatzarekin hasi nintzen hasieran, eta errotuladoreekin; ondoren, tipo bat ikusi nuen, kasualitatez, brasildarra, eta pila bat gustatu zitzaidan: pertsonak marrazten ditu akuarelekin. Eta orduan pentsatu nuen nik ere hori egin nahi nuela.

Eudes Correia, hain zuzen; erreferentetzat al duzu?

Bai. Oso errealistak dira haren lanak, eta, haren mailara iritsi ez naizen arren, erreferente nagusitzat dut. Mundu osoan bidaiatzen du, talde txikiekin ikastaroak egiten ditu, eta, nire kasuan, Madrilgoan izan nintzen.

Argazkiak aipatu dituzu; horietatik tiraka egiten al dituzu marrazkiak?

Normalean, bai. Sekula marraztu izan dut kaleko zerbait, baina ohikoena da argazkiak erabiltzea erreferentziatzat. Hasieran, nik neuk ateratzen nizkien argazkiak pertsonei, zerbait kuriosoa ikusten nuenean, baina, azkenerako, Interneten hasi nintzen gauza zehatzagoak bilatzen.

Enkarguak egiteko aukera

Enkarguak egiteko aukera du Deograciasek, eta, horretarako, argazkiak bidaltzea da lehendabiziko urratsa; ondoren, nolakoak diren baloratu ostean, marrazteko aproposena zein den erabakitzen du. Izan ere, haren hitzetan, "ez dute denek balio, kontraste handikoak izan behar direlako". Instagrametik –@dabiddeo da kontua– egin daiteke eskaera, edo postaz: deogra76@gmail.com.

Horrelakoak al dira Aitz Garbin bildutakoak?

Internetetik deskargatutakoak dira, bai. Juenaren [Aitz Garbiko arduraduna] proposamena izan zen erakusketa hori egitea. Palestinako herriaren egoera aitzakiatzat hartuta, haurrak, adineko pertsonak, errefuxiatuak... margotu nituen, palestinarrak ez ezik, baita siriarrak eta hego amerikarrak ere; nekazariak eta.

No child is a terrorist. Hori da darabilzun esaldietako bat.

Bai. Ume bat bera ere ez dela terrorista dio esaldiak, eta, zelanbait, aldarrirako bide ere bada.

Akuarelaz gain, probatu al dituzu beste teknika batzuk?

Probatu izan ditut, baina hori espontaneoagoa dela uste dut. Akrilikoa edo olioa, adibidez, nahiko ikusiak direla uste dut, eta akuarela ezberdinagoa dela.

Nola egiten dituzu lanak?

Lehendabizi, marrazkia egin behar da, eta saiatzen naiz ahalik eta ondoen egiten, konplikatuena baita; horretarako, arkatza darabilt. Kale bat marraztuz gero, esaterako, aldatu egin daiteke zerbait, eta ez da inor konturatuko, baina pertsona bat marraztean ondo egin ezean, igarri egiten da segituan, zerbait arraroa duelako ahoan, sudurrean edo dena delakoan.

Kordoban izan zara oraintsu, nazioarteko akuarela jaialdian.

Aurkeztu egin nintzen eta hautatu egin ninduten. Zazpiehun lan baino gehiago aurkeztu zituzten, eta berrehun inguru hautatzen dira; horrenbestez, pozik nago. Sekulako maila dago.

Zaletasun bilakatua al duzu dagoeneko marrazketa?

Bai; batzuetan, denbora asko egoten naiz, halere. Orduak sartzen ditut etxean marrazten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak