Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Lagunkoia ekimenaren parte da Antzuola Lagunkoia, Matia Fundazioak jarri zuen arren martxan, eta duela hamaika urte, 2014an, egin zituen lehen urratsak, horretarako proposamena jasota. Adinekoen parte-hartzea du helburu, eta hamar urteko langintzak "zerbait xumea" merezi zuela argudiatuta, urteurreneko ospakizuna egingo dute zapatuan, Torresoroan, 12:00etan.
Ekitaldian izango dena
Bi udal ordezkarik eta Matia Fundazioko beste bi kidek hartuko dute hitza urteurreneko ekitaldian. Baita Antzuola Lagunkoiako ordezkariren batek ere, eta oroigarriak banatuko dizkiete azken hamar urtetan taldean lan egin duten kideei: "Diptiko xume bat izango da. Batzuk dagoeneko hilda daude, baina badakigu haien senideren batzuk etorriko direla jasotzera", adierazi du taldeko kide den Pilar Etxanizek.
Ikus-entzunezko bat ere prest dute bertan erakusteko: "Ez noa bideoari buruz asko aurreratzera, baina bertan jaso dugu zer eman digun esperientziak eta herriari zer eman diogun", aurreratu du Etxanizek.
Virginia Imazen klown ikuskizun bat ere egongo da ekitaldian eta agurrarekin amaituko dute. Ondoren, bazkaltzera joango dira 40 lagun inguru Landatxope jubilatuen elkartera. Etxanizek jakinarazi du herritar guztiendako ekitaldia izango dela eta gonbidatuta daudela.
Eskoriatzako eta Aretxabaletako Lagunkoietako hainbat kide ere joatekoak dira –Bergarakoak ezin izango dira joan–.
Eskuartean dituzten proiektuak
Gaur egun hamabi lagun inguruk osatzen dute Antzuola Lagunkoia, eta nahiz eta azkenaldian zapatuko urteurreneko ekitaldia prestatzen ibili diren, hainbat proiektu dituzte eskuartean. Halaxe adierazi du Etxanizek: "Gaur egun Antzuola garbi baten aldeko proiektu bat lantzen gabiltza. Ez dugu nahi kanpaina puntual bat izatea, denboran jarraikortasuna eman nahi diogu, belaunaldi ugaritako jendea inplikatuz".
Horrez gain, gizarte zerbitzuen inguruko hausnarketa bat egiten ere badabiltza: "Hausnarketa bat egiten gabiltza, ez dakigulako egungo gizarte zerbitzuak nahikoak izango ote diren hemendik hamar urtetara. Udalarekin egon nahi dugu ea hausnarketa hori egin duten edo elkarrekin egin dezakegun jakiteko", esan du Etxanizek.
Eta hau gaineratu du: "Horrelako talde eta ekintzetan askotariko jendearekin egoteko eta harremantzeko aukera dago. Gainera, giro ona egonda, gu oso pozik gaude eta aurrera jarraitzeko asmoa daukagu".
"Lan asko" eginda
Herri mailan lan asko egin dutela gogorarazi du Etxanizek: "Irisgarritasunari lotuta, esaterako, hiru urtean behin errepasoa egiten dugu herrian eta urte hauetan guztietan hainbat lan egin dira. Guretzat ona dena, guztiondako da ona. Izan ere, irisgarritasunari dagokionez, oztopoak kentzen baditugu, denondako onura da hori".
Nagusien irudia aldatu nahia
Antzuola Lagunkoia bezalako ekimenekin, nagusien irudia aldatu nahi dutela aldarrikatu du Etxanizek: "Edadismotik kanpo joan nahi dugu; lehen bezalakoak gara, baina urte gehiagorekin. Norberak bere bizitzaren lerroa jarraitzen du". Herria hobetzen jarraitzeko eraginkorrak izaten jarrai dezaketela azpimarratu du eta gaineratu "lana eta disfrutea" ere egiten dutela, tarteka, meriendatzeko ere elkartzen direlako, besteak beste. Zapatuan egingo duten ekitaldira herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte eta Etxanizek aitortu du "gogoz, baina urduritasun puntu batekin" daudela.