Hilaren 6an izan zen San Isidro Pilota Txapelketako laugarren –eta azken– final laurdenetako jardunaldia, eta, hala, jakinekoa da zeintzuk arituko diren finalerdietan. Benjamin eta alebinen mailari dagokionez, Arhene Txapartegi eta Izar Aizpurua (Tolosa Aurrera), Itxaso Saralegi eta June Bergara (Ados), Intza Agirre eta Ainere Azpiazu (Lapke), eta Aiora Arraztoa (Txaruta) eta Alaia Aranburu (Ados) bikoteek eskuratu dute finalerdietarako txartela. Maila berean aritu dira Paule Alberdi eta Izaro Irizar antzuolarrak ere, baina, partidu bat irabazi arren, ez dira hurrengo fasera sailkatu.
Infantil eta kadeteen mailan, berriz, honako bikote hauek igaro dira finalerdietara: Larraitz Galardi (Oiarpe) eta Araitz Legarreta (Umore Ona), Nora De Vega eta Lur Egizabal (Bergara), Intza Arruti (Ziotza) eta Dunixe Alberro (Ados), eta Naia Uriarte (Lemoa) eta Maddi Ugalde (Adurtza). Hemen ere izan da Antzuolako ordezkaritza, Nagore Sanchez, Garazi Aranburu eta Elene Uribesalgo aritu baitira pilotan jokatzen, baina ez dira finalerdietara igaro.
Hain zuzen, maiatzaren 11n jokatuko dira finalerdietako partiduak, eta finala, azkenik, maiatzaren 17an izango da, San Isidro eguneko ospakizunarekin batera.
Insausti, txapeldunorde
Emakume Master Cup txapelketako finalak jokatu ziren domekan, hilaren 6an, Oiartzunen, eta han izan zen Olatz Insausti pilotari antzuolarra, Irati Betegi aretxabaletarrarekin batera, promesen mailan. Alize Sagardui eta Nahia Bertiz izan zituzten aurkari, baina, azkenean, ezin izan zuten garaipena eskuratu, 17-18 eginda.