Euskaraldia 2025

Euskaraldirako motorrak berotzen hasiak dira antzuolarrak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko api. 7a, 09:40

Euskaraldia "tresna baliotsua" da Antzuolarendako, lantaldearen esanetan, erabileran eragin dezakeela iritzita; hala, herritarrak animatu dituzte parte hartzera. Horrez gain, ekimenak irauten duen artean egingo dituzten ekintza batzuen berri ere eman dute.

Maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia, eta motorrak berotzen hasiak dira antzuolarrak, martxoaren 27an egin baitzuten lehen batzarra, Miren Zubikarai Udaleko euskara arduradunaren hitzetan. "Hasierako helburua 2025eko Euskaraldiari begira lehen pausoak ematea zen, eta hori lortu genuen: dinamika berria aurkeztu genuen, parte-hartzaileen artean ideiak partekatu genituen, eta aurtengo edizioari forma ematen hasteko aukera izan genuen, parte hartzeko moduak, ekintza publikoak eta herritarren inplikazioa landuta".

Lehen zirriborroa osatuta, ekintza batzuk lotu dituztela jakinarazi du Zubikaraik: "Esaterako, Euskaraldiaren hasiera ospatuko dugu maiatzaren 15ean, eta, horretarako, Herri Eskolako ikasleekin batera arituko gara, ziur aski; horrez gain, bertso-poteoa egitea ere aurreikusten dugu, Antzuolako bertsolariekin". Maiatzaren 25era bitartean, berriz, beste hainbat ekintza egitea adostu dute: besteak beste, Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztuko dute, baina kirolari lotuta; hika ariketa bat egingo dute gaztetxean; eta Antzuolako Ki.imak taldearen kontzertua izango da.

Ekimenaren garrantzia

Zubikarairen hitzetan, Euskaraldia "oso tresna baliotsua" da Antzuolarendako: "Hizkuntza mailan posizio sendoa izan arren, horrek ez baitu esan nahi erabileran hutsunerik ez dagoenik", eta, horrenbestez, azpimarratu du "ahalik eta antzuolar gehien aktibatzea" dutela helburu. "Euskaraldia ez da soilik Udalarena edo elkarte batzuena: herritarrena da, eta haiek gabe ez luke zentzurik izango. Parte-hartzea erraza eta eskuragarria da, eta nork bere eremutik egin dezake ekarpena".

Hilaren 24an egingo dute hurrengo batzarra: liburutegian izango da, 18:00etan. "Euskaraldiaren batzordea irekia da, eta edozein herritarrek parte har dezake. Garrantzitsua da ahalik eta ikuspegi eta ideiarik anitzenak jasotzea". 

Aurten, baita Euskaraldia Hika ere

ZirHika taldearen ekimenez, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin batera, Euskaraldia Hika ekimena martxan egongo da aurtengo Euskaraldian, hitanoa bultzatzeko asmoz, eta herritarrak animatu dituzte parte hartzera, "hitanoa plazaratzeko eta hizkuntza ohitura berriak sortzeko", antolatzaileek adierazi dutenez.

Hain zuzen, 83 herrik eman dute izena ekimenean, eta herritarrek, horrenbestez, Euskaraldian izena ematerako orduan Euskaraldia Hikan parte hartu nahi duten edo ez erantzun beharko dute, online bidezko galdetegian: baiezkoa ematen dutenek H jartzen duen pegatina bana jasoko dute. Hala ere, ez dago hitanoa jakin beharrik H-a ipintzeko, aski baita entzun nahi izatea gainean eramateko.

Eta Antzuolan?

Antzuolak ez du Euskaraldia Hikan izenik eman, baina antzuolarrek parte hartzeko aukera izango dute, nahi izanez gero: izena emateko orduan ez zaie aukera hori agertuko, baina euren ahobizi edo belarriprest txaparen bila joaten direnean H hizkiaren pegatina har dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak