Helduekin "aspertu" egiten dela dio Juanjo Quintelak (Azkoitia, 1954), umoretik, eta umeekin jardutea nahiago duela: "Ausartagoak dira; zailtasunen bat izanez gero, nola edo hala, esan egingo dute, baina helduok, dugun hizkuntza gaitasunarekin-eta, bueltak ematen aritzen gara". Psikologian lizentziatua, Haur Psikologian espezializatuta dago, eta diplomatura du psikomotrizitatean. Urteetan izan du harreman estua Antzuolako Herri Eskolarekin, eta hala amaitu zuen haur eskolaren lehen urratsak zehazten ere.
Diotenez, haur eskolaren sortzean zutabeetako bat zara.
Niretzat badago beste izen bat ere: Maria Eugenia Irazabal, Antzuolako Herri Eskolako irakasle ohia. Profesionalki erreferente bat izan da niretzako, eta pertsonalki harremana izaten jarraitzen dugu. Nik 1997an amaitu nuen Antzuolako eskolan, baina lotura estua nuen, eta hala iritsi zitzaidan haur eskolarako proposamena. Baiezkoa emateko, bi faktore egon ziren.
Zeintzuk?
Batetik, denbora nuela garai hartan; eta bestetik, ez nuela ideiarik ere 0-2 adin tarteaz. Baina banituen lagunak [Montse Meana eta Vicenç Arnaiz] horretan zihardutenak, oso profesional onak eta adiskideak, eta honako hau esan nien: "Hau daukat esku artean: laguntzen badidazue, sartuko naiz; bestela, ez naiz gai izango".
Hutsetik ekin al zenion, horrenbestez, proiektuari?
Eraikina eginda zegoela, baina altzarien-eta faltan, dokumentu bat prestatu nuen; orain berrirakurri egin dut, eta ausarta iruditu zait, gauza asko egin bainituen, hala sinetsita. Haur eskola martxan jartzean eskatu nuen ea hor egon nintekeen, nolabait, egindako akatsak ikusteko.
Behar hori al zenuen?
Bai. Sinesten nuelako egin nuen hori guztia, baina bizi egin nahi nuen. Eta hala deskubritu nuen 0-2 tarteko haurren mundua liluragarria zela, autonomia mailan, iniziatiban... Maitemindu egin nintzen eta erabaki nuen, ahal izan nuelako, horretara bideratzea nire bizitza aktiboko azkeneko urteak.
Formazioa jasotzen ere hasi zinen, ezta?
Ibilbide bat egiten. Emmi Piklerrek, Hungariako pediatra batek, idatzitako Moverse en libertad (Askatasunean mugitzen) liburua deskubritu nuen: 2.500 umetxori eginiko jarraipenaren ondorioa da. Budapesteko umezurztegi bateko zuzendaria zen, eta, talde indartsu bat sortuta, mundu bat deskubritu zuen, funtsean. Umeen eguneroko bizitza guztia zegoen hor erreflexionatuta, oinarrian beti umearen ongizatea eta autonomia jarrita, eta ondorioztatu zuen haurrek euren bidea egin behar dutela, rol aktiboa izan dezaketela.
Budapestera ere joan zinen.
Formatzeko aukera bakarra baitzen, eta erabakia, gainera, garrantzitsua izan zen, aukera eman baitzidan urtebete eta gutxiko epean asko hazteko profesionalki. Antzuolako haur eskolan eginiko proiektuak, horrenbestez, sekulako aldaketa pertsonal-profesionala eragin zuen nigan.
Aurrez jakintza bazenuten, halere; Haur Hezkuntzan, besteak beste.
Eskolan urteak gindoazen gauzak sakonki lantzen. 1984an hasi ginen horretan, eta ibilbide luzea genuen eginda; esate baterako, psikomotrizitatean eta umearen autonomian, baina 2 urtetik aurrerako haurrengan. Bagaje bat, horrenbestez, bagenuen, baina beste adin batekin: 4 urteko haur bat dekano bat da lau hilabeteko haur baten parean. Hala ere, bagaje hori beste errealitate batera heda daiteke: lurra landuta dago, baina erein egin behar da. Bada, hori gertatu zitzaigun: adin tarte horretakoak estralurtarrak ziren guretako orduan, landu beharrekoak.
Behar besteko garrantzia ematen al zaio adin tarte horri?
Ez dakit. Uste dut gurasoen aldetik, adibidez, maitasun asko dagoela. Adibidez, oinez ikasten dabilen ume batekin oinez joanez gero eskuetatik eutsita, maitasun asko dago, baina umeari ez dio inongo mesederik egingo, haren autonomia-gaitasuna mozten baita.
Hainbeste on egin nahian, oztopatu?
Hor gehiegikeria bat dago, bai. Azken finean, gehiegizko interbentzio horrek autonomia jaistea probokatzen du. Kulturalki, e. Kulturalki dago ume txikiak txikiak direla, eta gauzak egin behar zaizkiela. Tira, elkarrekin egin behar dugu: heldua eta umea.