Bi hamarkadaz haurren bidelagun

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 17a, 08:56

Antzuolako haur eskolaren ibilbideko une batzuk.

Haur eskola zerbitzua eskaintzeko premia nabaritu zuten herrian duela hogei urte, eta martxan jarri ziren: Juanjo Quintela gidari, diziplina anitzetako taldea aritu zen zeregin horretan, haurren ongizatea eta autonomia oinarrian izanik; egun, martxa onean dirau.

2005eko urtarrilaren 31n, orain dela hogei urte, ireki zituen ateak Antzuolako haur eskolak. Bost haur eta bi hezitzaile hasi ziren orduko hartan han, baina, gorabeherak izan diren arren, hazi egin da kopurua urteek aurrera egin ahala. Hezitzaileak bidelagun izanik, haurren autonomia eta gaitasunak jarri zituzten eguneroko funtzionamenduaren erdigunean hasieran, eta modu berean jarraitzen dute egun. Horretaz guztiaz jabetzeko, ordea, lehen pausoez eta horrek ekarritakoez, atzera begirako ariketa bat egin behar da batzuetan. Horrela izango da oraingoan.

Hezkuntza, Euskara eta Gazteria zinegotzia izan zen 2003-2007 agintaldian Iñigo Ramirez de Okariz antzuolarra, eta haur eskola sortzeko egindako lehen urratsez jardun du: "Hainbat herritan hasi ziren sortzen, [Haurreskolak] Partzuergoaren bitartez –2003an eratu zuten–, eta Antzuolan ere horretarako premia nabaritu genuen. Aldatzen hasiak ziren garai bateko nolabaiteko familia ereduak; esaterako, emakumeak lantokietan gehiago integratzen hasiak ziren, eta lanak eta etxeko bizitza bateragarri bihurtzeko beharrezkotzat jo genuen horrelako zerbitzu bat izatea, etor zitezkeen guraso berriendako".

Haur eskola eraikitzeko lanak; tartean, besteak beste, orduko udal ordezkariak, Herri Eskolakoak eta Juanjo Quintela. Irudia: Jone Larrañaga.

Partzuergoarekin harremanetan jartzea izan zen lehendabiziko pausoa, eta, haren baiezkoa jaso ondoren, "diziplina askotariko talde bat" sortu zuten, Herri Eskolako ordezkariekin, Pausoka guraso elkarteko kideekin eta haur eskolaren zerbitzua erabiltzeko interesa zuten gurasoekin osatuta. "Aldi berean, Udalean argi genuen: zerbait sortzekotan, bat egin behar zuen Antzuolako hezkuntza edo pedagogia ereduarekin, eta zerbitzuak, horrenbestez, eskolan egon behar zuen integratuta, ez aparteko eraikin batean; hala, bien arteko elkarlana, behintzat, egon zedin bermatu nahi genuen. Horretarako pertsona ideala genuen, gainera, buruan: Juanjo Quintela [Ikus hemen elkarrizketa]". 

IÑIGO RAMIREZ DE OKARIZ: "QUINTELAK SEKULAKO BERMEA ETA LASAITASUNA EMAN ZIGUN PROIEKTUA DISEINATZEKO ETA GARATZEKO ORDUAN"

Herri Eskolarekin urteetan egin izan du lan Quintelak, eta, Ramirez de Okarizen hitzetan, hark izan zuen "nolabaiteko lidergoa" haur eskola diseinatzerakoan: "Espazioak diseinatu zituen, eta espazio horietako bakoitzak izan beharko zituzkeen ezaugarriak zehaztu. Era berean, baita zein eratako espiritu pedagogikoa izan beharko zukeen ere. Egia esanda, ez genuen aparteko aholkularitzarik eskatu, aholkularia –alegia, Quintela– bertan genuelako. Horrek sekulako bermea eta lasaitasuna eman zigun proiektua diseinatzeko eta garatzeko orduan".

Ikasiz hazi dira

Bi hezitzaileko lantaldea hasi zen haur eskolan lanean hasiera hartan, eta tartean zen Vanesa Tamayo, gaur egun ere han lanean diharduena. Are gehiago, hezitzaile-kideak uko egin zion plaza hari, eta gutxira batu zitzaion Nagore Santos; ordutik, elkarrekin dabiltza haur eskolan, eta hasierako erronkez aritu dira: "Juanjoren [Quintela] eskutik, eta Herri Eskolako Haur Hezkuntzako irakasleekin batera, formakuntzak jasotzen hasi ginen, baina poliki-poliki joan behar izan dugu bidea topatzen, 0-2 adin tartea ez baitzegoen horren landua orduko hartara arte. Pedagogia baten berri eman ziguten –Pikler, hain zuzen ere–, hasieran duda eta beldur askorekin, baina Partzuergoa handitu ahala sakontzeko aukera izan genuen". 

Haien hitzetan, Pikler pedagogia gogoan izanda, haurren autonomia eta gaitasunak dituzte euren eguneroko jardunean gogoan: "Gure ustez, haurra gaitasun batzuekin jaiotzen da, eta gaitasun horiek garatzen joateko gu gaude ondoan, bidelagun izaten". Horretarako, espazioak antolatzen dituzte, askotariko materiala eskaintzen diete, eta, modu horretan, mugimendu askean eta esplorazioan daude haurrak. "Mugimendu askea diogunean da ume batek ez baldin badaki bere kabuz esertzen, ez dugula hartzen eta esertzen: etzanda jarriko dugu, material ona eskainiz eta segurtasuna emanez, baina haren prozesua errespetatuz". Hor, gainera, zehaztu dute umeen bidaide ez ezik, gurasoena ere badirela sarritan: "Beti dago konparaketa, baina ume bakoitzak prozesu ezberdina du. Alde horretatik, gurasoek badituzte beldurrak eta; horrenbestez, eurei laguntza hori emateko ere bagaude". 

VANESA TAMAYO ETA NAGORE SANTOS: "GURE USTEZ, HAURRA GAITASUN BATZUEKIN JAIOTZEN DA, ETA GAITASUN HORIEK GARATZEN JOATEKO GU GAUDE ONDOAN, BIDELAGUN IZATEN"

Horrez gain, erantsi dute "garrantzi handia" ematen dietela zaintzei: "Higiene uneari, lotarakoari eta jatekoari. Momentu horietan saiatzen gara esklusibotasuna eskaintzen haur bakoitzari; gainontzean, taldean daude". 

Matrikulazioan gorabeherak

Haur eskolako matrikulek gorantz egin zuten 2005etik 2010era bitartean; azken urte hartan jo zuen goia, baina gorabeherak izan dituzte ordutik hona: "Haur eskola zabalik egoteko hiru haurrek egon behar dute, behintzat, matrikulatuta, baina koronabirusaren garaian hirugarrengo horren bila aritu ginen. Hala ere, egun, doakotasuna nabaritzen dela uste dugu –2023-2024 ikasturtean ezarri zuen Haurreskolak Partzuergoak–, eta jaiotzen diren Antzuolako haur gehienak hemen ditugula".

Gaur-gaurkoz, Inma Beristainek, Antzuolako Udaleko Hezkuntza zinegotziak, zehaztu duenez, lau ume daude 0-1 tartean, eta hamahiru dira 1-2an: hau da, guztira, hamazazpi daude, eta 21entzako lekua dago. "Azkeneko urteetan bezalaxe, horrenbestez, ez dago itxarote-zerrendarik. Herrian beharra aseta dagoela esan daiteke".

Naturarekin kontaktua 

Udalaren jabetzakoa da haur eskolako eraikina, eta, horrenbestez, haren ardura da hango esku-hartzeak egitea, Beristainen hitzetan: "Printzipioz, handitu beharrik ez dago, baina bagabiltza egokitzapen batzuk egiten, argitasun handiagoa emateko espazioari, eskolako patioko tapakia dela-eta nahiko ilun gelditzen baita". Bada, puntu hartan egin dute azpimarra hezitzaileek ere: "Lehen, joera zen kolore biziak erabiltzea, izan lurrean edo paretetan, baita materialetan ere; horrela zen hemen ere. Hala ere, hori guztia aldatu egin dugu orain; zelanbait, etxeko goxotasuna hona ekarri nahian". 


Antzuolako haur eskola egun, lanak egin ondoren. Irudia: A.R.K.

Barruko espazioen eraldaketaz harago, nolanahi ere, Tamayok eta Santosek nabarmendu dute "haur horiek, batez ere, naturarekin kontaktuan egotea" behar dutela: "Ura, lokatza, belarra, harritxoak... hori behar dute, eta horrelako espazio bat edukiko bagenu, horrenbestez, sekulakoa litzateke guretako". Hala, azaldu dute "mugitzen" hasi direla, eta proiektu bat garatzeko eskaria egin diotela Kimu Bat enpresari, aurrekontu bat izateko mahai gainean; orain, ordea, hori garatzeko diru beharrean daude. "Udalari eskaria egin diogu, eta ea enpresen laguntzekin-edo molda dezakegun zerbait".

Bitartean, eguneroko bidean jarraituko dute. Beristainen hitzetan, gainera, "gero eta behar handiagoa" dago horrelako zerbitzuak izateko herrian kontziliazioa dela eta. Duela bi hamarkada eginiko proiektuak, horrenbestez, hasiera batean, bere fruitua eman duela dirudi.

Erlazionatuak

Juanjo Quintela: "Gauza asko egin genituen, hala sinesten genuelako"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria mar 17, 08:55 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak