Festa giroan murgilduko da herria bihar, Inauterietako ospakizun handiena izango baita, goizean goizetik hasita. Oinarin dantza taldearen eskutik, dantzari helduenek kalejira egingo dute, goizeko hamarretan hasita, herriko kaleetan zehar, eta, horretarako, alboan izango dituzte Hartza, Tximinoa eta Hezitzailea, "egun horretan egiten dituzten dantzak bezain garrantzitsuak baitira hiru pertsonaiak herriarentzat", Ion Lizarazu Oinarineko kidearen hitzetan. 12:30ean, berriz, dantza saioa izango da Herriko Plazan; eguraldi txarra eginez gero, eskolako patiora lekualdatuko dute.
Dantza taldeko gazteenek ekingo diote bihar eguerdiko saioari, eta txantxo dantza, txankarrankoa, nesken makil txikiak, bertzijana, brokel dantza eta Gipuzkoako arku dantza egingo dituzte. Horrez gain, beste herritar batzuek ere, helduagoek, egingo dute dantzan: lehendabizi, Burlatako jota, eta, tradizioari uko egin gabe, sorgin dantza, ondoren; saioa amaitzeko, berriz, txulalai eta Zazpi Jauzi dantzak egingo dituzte, herritar guztiak plazara gonbidatuta. "Guztira, dantzan ehun herritar baino gehiago izatea espero dugu".
Bazkarian 253 herritar
14:30ean egingo da herri bazkaria, Trikitxotx catering-zerbitzuaren eskutik, eta 253 herritar batuko direla jakinarazi du Jone Larragañak, Kultur teknikariak; aurrez, ordea, mahaiak jartzeko, bazkarira joango direnen laguntza behar dutela nabarmendu du, eta 11:00etarako zehaztu dutela horretarako hitzordua. "Herritarrei ardura puntu bat eskatu nahi diegu bazkarirako; denon artean errazago eta azkarrago jarriko ditugu mahaiak". 18:00etatik 21:00etara Sutan txarangaren kalejira izango da herriaren erdigunean.
Gaur, ikuskizuna
Antzuolako Herri Eskolan gaur arratsaldean ospatuko dituzte Inauteriak, baina hasierako festa ez da irekia izango. Eskolako patioan egingo dute ondoren txokolate-jana, eta, arratsaldeko bostetan, Miru, Inauteriak bizi ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Torresoroan, Udalak antolatuta; horretarako, Entradium plataforman –labur.eus/miruinauteriak– daude sarrerak salgai, 5 euroren truke.
Martitzenean, mozorro jaia
Landatxope jubilatu eta pentsiodunen elkartean ere Inauteriak ospatuko dituzte, mozorro jaia egingo baitute datorren martitzenean, martxoaren 4an, elkartean bertan, 18:30ean hasita. Merienda izango dute lehendabizi, eta, ondoren, ohiturei hutsik egin gabe, mozorro onenak sarituko dituzte; horrenbestez, lehiaketan parte hartu nahi izanez gero, mozorrotuta joan beharko dela jakinarazi dute elkartekideek.