Ibai Larrea (Antzuola, 2002) eta Aimar Larrea (Antzuola, 2000) Antzuolako 8 Miliak (A8M) lasterketako irteera puntuan izango dira bihar goizean –10:30ean helduen lasterketa–. 2023ko ediziotik Ibaik du lasterketako errekorra –ordubete eta 53 segundo–, eta, gainera, bertan parte hartu duen bi aldietan nagusitu egin da. Aimar da, ordea, hiru anaien artean etxeko lasterketan parte-hartze gehien dituena: zapatukoa bosgarren aldia izango du. Hirugarren anaiak ere, Ekain Larreak (Antzuola, 2002), lasterketarako dortsala dauka, baina bihar Antzuolako plazatik 406 kilometrora egongo da, distantzia hori dago-eta herritik Gallur Udal Kirol Zentroko (Madril) pista estaliko kirol instalazioetara. Duela 15 egun 1.500 metrokoan Gipuzkoako errekorra ondu izanak (3.48.47) dauka horren errua, Espainiako Txapelketa absoluturako txartela eman dio-eta marka horrek. Behin larreatarren gainean berba egiten hasita, aita ere, Luis Larrea (Antzuola, 1966), lasterketan izango da bihar.
Handia da gero, Ekain, Espainiako txapelketarako txartela lortu duzu, zer eta Antzuolako 8 Miliak jokatzen den egun berean lehiatzeko...
Ekain Larrea: Halaxe suertatu da, zer egingo diogu... Ez dut esango Madrilera penaz noanik, halako hitzordu batean esku hartzea gauza handia delako, eta inoiz ez dakizu ostera ere halako aukerarik izango duzun. Duela hamabost egun banekien marka eskura neukala, eta lasterketa aurretik zalantzan egon nintzen dena eman edo zer egin. Dena ematea erabaki nuen, eta Espainiako txapelketarako txartela lortu nuen. Baina bai, pena da, orain arte ez dut-eta herriko lasterketan parte hartu, eta banuen gogoa. Gainera, inoiz ez gara hiru anaiak mendi lasterketa batean elkarrekin egon, lehenengo aldia izan behar zuen honek.
EKAIN LARREA: "ESPAINIAKO TXAPELKETAN EGOTEA ESPERIENTZIA POLITA IZANGO DA, BAINA PENA DUT ETXEAN LEHIATZEKO GOGOZ NENGOELAKO"
Hirurok irteera puntuan batzen zareten egunean zer gertatuko da? Izan ere, batera helmugaratzen ere ikusi izan zaituztegu.
Aimar Larrea: [Barre] Tira, nik aspalditxotik daukat barneratuta anaia biek korrika egiten egurra ematen didatela; alde horretatik, ez daukat arazorik, baina badugu pikea. Gustatzen zait entrenatzea, baina bi hauek beste maila batean daude.
Ibai Larrea: Hirurok ez, baina bi anaia egon izan gara elkarrekin behin baino gehiagotan. Nik uste dut gutako bakoitza bere lasterketa egitera joaten dela, baina helmugara batera iritsi behar dugula ikusiko bagenu, indarrak parean izan ditugulako, elkarri esprinta egitea baino politagoa izango litzateke batera helmugaratzea.
Ekain Larrea: Norberarena egin, eta gero anaiak ondo iritsi diren ikustea da lehentasuna.
IBAI LARREA: "ANTZUOLAKO LASTERKETAN INGURUKOAK BATZEN GARA, ETA POLITA DA"
Ekain, bihar eguerdian posible da antzuolar bat baino gehiago helmugan poltsikoko telefonora begira egotea, zure lasterketa streaming-ez ikusten.
E.L.: 11:20an daukat 1.500 metroko finalerdia. Ordu horretan Ibai helmuga zeharkatzeko puntuan egongo da [Barre]. Tira, ez dago nire lasterketa zuzenean ikusi beharrik, jendeak goza dezala A8M-ekin, eta, ondoren, interesa duenak sarean izango du gure lasterketa ikusgai.
Posible ikusten duzu domekako finalerako sailkatzea?
E.L.: Oso zaila izango da. Ni sasoi onean nago, baina distantzia horretako espezialistak izango ditut lehiakide, oso jende azkarra dago. Nik dena bikain egin beharko nuke, eta besteren batek kale egin.
A8M-en 12. edizioa jokatuko dute bihar; zertan ari zineten duela 12 urte?
I.L.: Ordurako atletismoan ibiliko ginen, baina sasoi hartan nik pilotari garrantzi handiagoa ematen nion.
E.L.: Nik, Ibaik bezala, pilota eta atletismoa egiten nituen, baina nik atletismoan gehiago gozatzen nuen, lasterketetara joaten ginenean... Zirrara berezia sentitzen nuen, baita ikusle moduan joaten ginenean ere.
A.L.: Ni ere antzera samar, korrikan eta pilotan egiten nuen orduan, eta, A8M-en lehenengo edizioa gogoan ez badaukat ere, ez nintzen urrun ibiliko; seguru lehen edizio hartan mendira joan ginela ezagunak animatzera.
AIMAR LARREA: "EGURALDI ONA EGIN DU, BAINA LOKATZ DEZENTE EGON DA ORAIN ARTE. BESTALDE, INGURUKO KORRIKALARI ONAK DATOZ"
Zer da halako lasterketa bat –A8M– etxean izatea?
A.L.: Ni elite mailako lasterketetan ez nabilenez, Antzuolakoa urteko proba garrantzitsuetako bat izaten da; herrikideen aurrean korrika egitea, inguruko korrikalariekin alderatzeko aukera ematen dizu... Asko motibatzen nauen lasterketa da. Gainera, mendiko lasterketa motzak gustatzen zaizkit eta Antzuolakoa neurri politeko proba da, etxean bertan.
I.L.: Nik gauza bera esango nuke; kanpoan lasterketa askotan izaten gara, baina inguruko korrikalariekin ez dugu askotan bat egiten, eta gauza polita da ingurukoekin lehiatzea. Eta errekorra egin nuenetik, ba, tira, erreferentzia hori ere badut buruan. Neure buruari jartzen diodan erronka da etxeko lasterketa; gainera, denboraldi hasiera ere bada, eta zelan nagoen ikusteko baliatzen dut [Joan den astean Ordizian Euskadiko txapelketa irabazi zuen].
E.L.: Tira, nik datorren urtera itxaron beharko dut. Azkenean, antzuolarrok bi erreferentzia ditugu, Behobia-Donostia lasterketako denbora eta Antzuolako 8 Milietan egindakoa, horko markek balio dute; gero, berdin dio urte osoan zertan ibili zaren [Barre].
Baduzue hirurok elkarrekin egiteko lasterketaren bat begiz jota?
I.L.: Printzipioz, ez dugu aurreikusita halakorik. Esaterako, apirilean Aimarrek eta biok Arrasate-Udalatx egingo dugu... [Iazko irabazlea da Ibai Larrea].
A.L.: Ekain eta biok Aiako mendi lasterketara ere joango gara... Iaz asko gustatu zitzaigun, eta, gainera, lasterketa irabazi genuen; horrenbestez, bueltatu egin beharko dugu.
I.L.: Eta Ekainek eta biok bi aste barru Bilbon dugu hitzordua, asfaltoko Espainiako txapelketan izango gara, 10 kilometroko lasterketan. Baina bakoitzak helburu ezberdinak izaten ditu urtean zehar, bai.
Zelan egiten dituzue trantsizio horiek? Alegia, krosetik mendi lasterketetara, pistan 1.500 metroko lasterketa, ondoren asfaltoan hamar kilometroko proba...
E.L.: Nik, normalean, helburu bat markatzen dut; nire kasuan, krosak dira, eta entrenamenduak horretara bideratzen ditut. Gero, Gabonetatik hona abiadura lantzen ere ibili naiz, eta, hortik aurrera, parean tokatzen diren lasterketetara ahal dugun moduan joaten gara. Esaterako, A8M proba egingo banu, ez nintzateke proba horretara entrenamendu espezifiko batekin etorriko; tarteka mendian korrika apur bat egin, eta aurrera.
Zer-nolako lasterketa da A8M?
I.L.: Lasterketa azkarra da eta denetik dauka. Gailurrerian zona teknikoa du, baditu aldapa gogorrak, baita korrika azkar egin beharreko tokiak ere. Alde horretatik, lasterketa konpletoa dela esango nuke.
Ibai, posible da 2023an ezarri zenuen errekorra ontzea?
I.L.: Nire kasuan, zail ikusten dut; goitik behera jaisten arriskuak ere hartu behar dira eta ez dakit zirkuitu horretan non izan naitekeen azkarragoa. Mendia zelan dagoen ere erabakigarria izaten da. Errekorra egin nuen urtean goialdea zurituta zegoen, baina eguraldi oso ona egin zuen eta zirkuituko gainontzeko zatiak siku zeuden. Baldintza onak izan nituen edizio hartan.
Zer espero duzue aurkitzea?
I.L.: Oraingo astean giro ona egin du eta mendia sikatuko zen apur bat, baina joan den astean ibili ginenean lokatz dezente zegoen.
A.L.: Horrekin batera, oso maila politeko korrikalariak egongo dira irteera puntuan: Iñigo Alzola, Aitor Ajuria, Asier Azkarate, Bergarako Etxabe anaiak, Goierri aldetik ere Zabalegi, Zunzunegi, Ibañez... Aurreko postuak garesti egongo dira.
Herrian ere giro oso ona egoten da...
A.L.: Gainera, duela bi urte zapatura aldatu zuten lasterketa, kuadrillak bazkaltzera joaten dira gero, gaztetxean kontzertuak egoten dira... Egun polita izaten da, bai.
I.L.: Eta denboraldi hasiera denez, jendea lasterketa gosez egoten da.
E.L.: Gainera, urtean zehar korrika egiten ibiltzen ez diren herritarrak lasterketa prestatzen dabiltzala ikustea ere polita da; entrenatzen topo egiten duzu eurekin, eta beti egoten da zerbait komentatzeko.