Fernando Valladares: "Zalantzan jarri behar da energia-eredua"

Julen Murua Mesonero 2025ko ots. 21a, 10:17

Urtebete baino gehiagoz ari da Meaka-Irimo plataforma bi mendi horien artean jarri nahi duten zentral eolikoen bueltan ekintza ugari antolatzen. Ibilbide horretan, ikaskuntza handitzeko asmoz antolatu dute Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseiluko ikerlari Fernando Valladaresen (Madril, 1965) hitzaldia.

Zer aurkeztu duzu hitzaldian?

Nire asmoa ikertzaile bezala datu batzuk ematea da, baina, garai hauetan gertatzen ari denarekin kezkatuta, debate ireki bat proposatzera nator. Ez da hitzaldi itxi bat, ezta ideia finko batzuk ere ekartzen ditudanak. Adibide gisa energia eta ura izango ditut; energia gai unibertsala da, eta arazoak dakarrena, eta berbagai izango dut ziurtzat jo dugun eredua. Zalantzan jarriko dugu. Hau da, ziurtzat jo dugu ekonomiak dena bultzatu behar duela, eta gaixotasunak, arazo mentalak eta pertsona askoren bizitzan jasanezintasunak topatzen ditugu; horrek guztiorrek zalantzan jarri behar gaitu.

Herrian bertan eragitea ere garrantzitsua da?

Lehenengoz etorri naiz Antzuolara, eta nire helburua izan da arazo globaletan hain garrantzitsua den tokiko dimentsio hori txertatzea. Eskualde eta udalerri bakoitzean modu ezberdin batean gertatzen da guztia, baina, askotan, beste leku batzuekin alderatuta badituzte antzekotasunak.

Antzuolako errealitatea bat da, baina beste errealitate guztiek zer dute amankomunean?

Ikusten ari garena da aldatu nahi dela eredu energetiko bat beste batengatik, funtsa aldatu gabe. Planteatzen dudan galdera da ea zenbat energia behar dugun; alde batetik, pertsonok behar dugun energia dago; eta, bestetik, sistema ekonomikoak behar duena. Sistema ekonomikoak inoiz ez du izango energia nahikoa; halere, jakina da pertsonek eguneko 75 GJ ingururekin ondo biziraun dezaketela. Bizi-estilo horrekin bizimodu arrunta modu sostengarrian eraman daiteke, eta ziurtatu daiteke hamarkadetan zehar ez direla ekosistemak modu konponezinean kaltetuko, ezta lurra, paisaia eta abar gehiegi kargatuko ere. Barneko pentsamoldea aldatzen ez badugu, hau da, energiatik negozioa egitea, eta ez badugu zerbitzu energetikoa lehentasunean jartzen, ez badugu energia hornitzen pertsonok gure jarduerak egin ahal izateko, ez dugu arazoa konponduko. Klima aldaketa da erregai fosilak erantzukizun gabe erabiltzearen ondorio bat. Uste dut egoera zail hau aprobetxatu behar dugula hausnartzeko zer mundutan bizi nahi dugun, zer lehentasun ezarri nahi ditugun gaur egun eta datozen belaunaldiei zer mundu utzi nahi diegun oinordetzan.

Esango zenuke trantsizio horretarako aldaketa zorrotzak gertatu beharko liratekeela?

Lehenik eta behin, benetan nahi badugu egoera honi buelta ematea, askoz garbiago hitz egin behar dugu. Zientziaren lengoaian hala egiten dugu, baina, testuinguru horretan, zientzia aldagai bat besterik ez da; zientziaren hitza erreferentzia bat besterik ez da, eta uste dut badaudela interesatzen zaienaz soilik mintzatzen diren eta istorio guztia kontatzen ez duten politikariak eta industria- edo enpresa-taldeak. Horrek ez du eztabaidan laguntzen. Komunikabideek ere eginkizun garrantzitsua dute; izan ere, egiazko informazioan oinarritutako demokrazia batean oinarritu behar dugu. Ariketa hori da garrantzitsuena. Egiazko informazio hori mahai gainean dagoenean, aldaketa asko saihestezinak direla ikusiko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak