Hamahiru natura parke, ezagututa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 24a, 09:02

Euskal Herriko natura parkeetara eginiko irteera batzuk. Irudiak: Arrola Mendizale Elkartea.

Euskal Herriko natura parkeak ezagutzen aritu dira, urtebeteko epean, Arrola Mendizale Elkartearen eskutik; antzuolarrak ez ezik, bergararrak eta arrasatearrak ere izan dira irteeretan. Mendiaz bere osotasunean gozatzea izan dute asmoetako bat.

Urkiola; Izki; Pagoeta; Errege Bardea; Holtzarte-Irunberri; Aiako Harria; Urbasa-Andia; Valderejo; Aralar; Bertiz; Aratz-Aizkorri; Armañon; eta azkenik, Gorbeia. Hamahiru irteera eta hamahiru natura parke, euskal lurrak osotasunean hartuta. Batez beste, 21 pertsona irteera bakoitzean, eta hamarretik zazpi, emakumeak. Hori da, hain zuzen ere, Euskal Herriko natura parkeak ezagutzeko ekimenak utzi duen emaitza.

Herritar talde baten ekimenez, Arrola Mendizale Elkartearen izenean, orain dela urtebete eman zioten hasiera ekimenari; ideiaren jatorria, halere, lehenagokoa da, Arrolaren 50. urteurrenaren harira 2022ko abenduan bailarako mendi elkarteekin antolatutako mahai ingurukoa. "Denok egiten genuen bat: krisi garaian geunden, trantsizioan. Mendi elkarteak garai bateko beharrei erantzuteko jaio ziren, baina gizartea aldatu den heinean euren filosofiak ere aldaketa bat behar du, etorkizuna ziurtatu dadin", azaldu dute Jabi Etxanizek eta Iñigo Ramirez de Okarizek, ekimenaren sustatzaileetako bik. Debagoiena batzen duen Hartzaren Urratsa ibilbidea egiten aritu ziren ondoren, eta, bailarako herritarren artean sortutako talde giroa oinarri, Euskal Herriko natura parkeak ezagutzeko ekimena martxan jarri zuten: "Horrelako ingurune bat ezagutzeko bizitza osoa behar da, baina lehen kontaktu bat egin nahi genuen leku horiekin, guk ezagutzen genuen hori besteei erakutsi".


Eginiko irteerekin Arrola Mendizale Elkarteak eginiko bideoa.

Iazko urtarrilaren 20an egin zuten lehen irteera, eta aurtengo otsailaren 8an azkenekoa. "Horren ezagunak ez diren ibilbideak egin ditugu, baina ofizialak eta markatutakoak; aldez aurretik egiten genituen antolatzaileok, eta horrek sekulako segurtasuna ematen du. 18 kilometro inguru egiten genituen irteerako, sei ordukoak eta mila metro inguruko desnibelarekin".

Inguruneaz gozatuz

Mendiaz gozatzeko ohiturak garai batetik "asko" aldatu direla diote ekimenaren sustatzaileek, eta hori parte-hartzaileen adinean eta parte hartzeko eran nabaritu egiten dela: "Egun, esaterako, gazte gutxi ikusten dira motxila hartu eta mendian ibiltzen, antxintxika aritzen direnak gehiago baitira". Horrez gain, uste dute "bakartia" izan ohi dela praktika hori, kolektibotasunik gabea. "Bada beste puntu bat ere: jendea mendira joaten denean ez da gai mendia kontenplatzeko, gelditzeko tarte bat hartu eta ingurunea identifikatzeko, hala nola zuhaitzak, txoriak eta mendiak; ariketa fisikotzat hartzen dute askok, joan-etorria egin eta listo". Bada, egite hori "apurtzea" izan da euren asmoa: "Ariketa fisikoaz gain, ariketa mentala egitea ingurunearekin bat egiteko, hori galduta baitago egun; mendian ibiltzea eta hura dastatzea, inguruak dituen mezuak jasota".

Aurrera begirakoak

"Eta orain zer?" da parte-hartzaileek sustatzaileei eginiko galderetako bat; izan ere, euren hitzetan, jendea animatuta dago irteera gehiago egiteko aurrerantzean. Martxoan hartuko dute hausnarketarako momentu bat, gerora begirakoak zehazteko; argi dute, ordea, herritarrei egin nahi dietela tira, hasierako irteeran antzuolar dezentek hartu arren parte, jaitsi egin baita kopurua bukaerarako, eta, horrenbestez, antzuolarrak baino gehiago dira bergararrak eta arrasatearrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak