Katuen populazioa "kontrolatu" nahi du Mixi elkarteak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 10a, 09:43

Katu bat, auto baten gainean, Ondarre auzoan. Irudia: Mixi elkartea.

Katemeak zikiratzeko asmoa dute elkartekideek, Animalien Ongizateari buruzko Legea gogoan izanda. Horrez gain, lege hori oinarri, etxolak jarriko dizkiete herriko zazpi gunetan, katuei jaten emateko eta horren inguruan mugitzeko, herrigunetik kanpo.

Herriko katuen populazioa "kontrolatuta" izatea da Mixi elkarteko kideen asmoa, hazi ez dadin eta herria, horrenbestez, "txukunago" egon dadin. Elkartekideen hitzetan, hori da lehentasuna, eta ez katu gehiago egotea: "Baizik eta aurkakoa, katemeak zikiratzen baitihardugu azkenaldi honetan".

Zikiratzea da, horrenbestez, lehen urratsetako bat, eta, gaur-gaurkoz, herrian dabiltzan bost katu zikiratu dituzte elkarteko kideek, albaitariarenera eramanda. Horrez gain, datozen asteetan katuentzako etxolak jarriko dituzte: "Txikiak dira, eta auzoetan jarriko ditugu; haietara bideratuko ditugu katuak, jatera eta kolonia horren inguruan mugitzera, ez daitezen herri inguruan egon". Hain zuzen ere, zazpi etxola jarriko dituzte guztira –Beheko auzoan, Eguzki auzoan, arrandegiaren alboan, Sagastin, abade-etxearen ondoan, Kalegoin eta pilotalekuaren atzean–, eta pare bat aldiz emango diete katuei jaten: "Legeak dioena errespetatuz egingo dugu; neurtuta. Gainera, baimendutako pertsonek emango diete jaten, izen eta abizenekin".

Animalien Ongizateari buruzko Legea dela-eta, Udalaren ardura da kaleko katuen segurtasuna eta osasuna bermatzea, baina Antzuolan elkarteak dihardu lanean, aurrez hitzarmen bat sinatuta Udalarekin. "Elkarlanean aritzen gara: guk egiten dugu kaleko lana, eta hark dirulaguntzak ematen dizkigu jardunerako; horrez gain, etxolak-eta non jarri ere harekin zehaztu dugu".

Katuen identifikazioak

Zikiratuta dauden katuak identifikatzeko bada modu bat, albaitariak marka bat jartzen baitie belarrian, hala dela adierazteko, eta, hala, kontrolatuta izateko: emeek eskumako belarrian dute marka hori eta arrek, berriz, ezkerrekoan.

Katakumeak adoptatzeko aukera

Herriko katu guztiak ez daude zikiratuta oraindik, eta, horrenbestez, sarri ageri dira katakumeak. Bada, horietako batzuk adoptatzeko aukera dagoela jakinarazi dute Mixi elkartekoek: "Albaitariarenera eramaten ditugu lehenbizi, azterketa egiteko eta dena txukun izateko; ondoren, kontratu bat sinatzen da adoptatu nahi duen herritarrarekin, zainketa-arauak zehazteko". Halere, erantsi dute katakumeren bat topatuz gero kalean ez eramateko eurengana, ez dutelako zaintzeko espaziorik: "Abisua pasatu eta guk zainduko ditugu etxetxoen bitartez eta".

Diru-ekarpenak

Herritarrek elkarteari diru- ekarpenak egiteko aukera dute, hala nahi izanez gero, elkartekideek zikiratze- prozesuetarako eta egunerokorako erabili dezaten –janaria eta etxetxoa erosi, albaitariari ordaindu...–. Horretarako, kontu-korronte zenbaki bat jarri dute herritarren eskura: ES14 3035 0040 10 0400026453 (Laboral Kutxa). Horrez gain, janari-bilketa egiteko asmoa dute Eroski supermerkatuan, baina eguna zehaztu gabe dute oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak