Ados pilota elkarteak antolatutako binakako txapelketako partiduak jokatu dira Antzuolako frontoian; eta besteak beste, Olatz Insausti eta Leire Galeano antzuolarrak izan dira protagonistak. Txanponaren bi aldeak ikusi dira Antzuolan; izan ere, Insaustik eta haren bikotekide Vertizek kontrolpean izan dute partidua momentuoro; Arrietari eta Galeanori, berriz, ihes egin die partiduak azken txanpan.
Sailkapenean goian batzuk, behean besteak
Aurkariak zortzi tantoan utzita, erraz ibili dira Insausti eta Vertiz. Antzuolarrak adierazi du "saketan tanto asko" lortu dituztela, eta sake bidez izan ez direnetan "tantoa ondo amaitzea" lortu dutela. Hala, garaipenak sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko aukera eman die Insaustiri eta Vertizi, eta "falta diren bi partiduetan maila ona ematea" espero duela adierazi du aurrelariak.
Bestetik, eta galdu arren, Galeanok adierazi du "partidu nahiko parekatua" izan dela, eta azken txanpan aurkariaren sakeetan egindako hutsegiteek erabaki dutela norgehiagoka. Puntua ez lortzeak "pena"eman dio antzuolarrari, baina "txapelketa luzea" dela eta borrokatzen jarraituko dutela adierazi du atzelariak.