Insausti eta Galeano: "Neskon aukerak geroz eta handiagoak dira"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 31a, 16:16

Insausti eta Galeano, martitzenean, pilotalekuan. Irudia: A.R.K.

Binakako Txapelketako partiduak jokatuko dituzte etzi Antzuolan, Ados Pilota klubak bultzatuta, eta han izango dira bi antzuolarrak. Txapelketaz eta pilotaz jardun dute.

Pilota entrenamendua hasi baino ordubete lehenago egin du GOIENAk hitzordua Olatz Insausti (Antzuola, 2008) eta Leire Galeano (Antzuola, 2007) pilotariekin, udal pilotalekuan. Han elkartu ohi dira ia martitzenero entrenatzeko, "ahal duten guztietan", eta horrela izan da aste honetan ere. Ados Pilota klubaren ekimena den Binakako Txapelketan dihardute egun, eta Antzuolara iritsiko da orain, pilota jaialdia izango baita bihar, otsailaren 2an, 11:30ean hasita. Han izango dira bi pilotariak: Promozio Mailan arituko da Insausti eta Lehen Mailan, berriz, Galeano. Sarrerak bost euroko kostua du.

Pilotalekuan elkartu gara gaur; zer da espazio hau zuendako?

Leire Galeano: Txikitan hemen hasi ginen pilotan. Nire kasuan, 8 urterekin hasi nintzen, eta hemen jokatu nituen nire lehen partiduak. Orain, ordea, ez ditut horrenbeste jokatzen etxean, eta horretarako aukera dudanean, horrenbestez, poza sentitzen dut.

Olatz Insausti: 8 urterekin hasi nintzen ni ere, eta kariñoa diot frontoi honi. Egun, ez daukagu aukera handirik, baina polita izaten da hemen jokatzea.

Pilotan hasi zinetenetik denbora igaro da; egun, nolako garrantzia du pilotak zuen bizitzetan?

L.G.: Pilotan ez ezik, futbolean, eskola kirolean, solfeoan, trikitian... hasi nintzen, eta, pilotak inportantzia izan arren eta asko gustatu, gainontzekoekin ere gauza bera gertatzen zitzaidan. Halere, aukeratu beharra izan nuen, ikasketengatik, eta pilotaren alde egin nuen; garrantzi handia du nire bizitzan.

O.I.: Kirol asko egiten hasi nintzen ni ere hasiera hartan, baina, ikasketekin denbora gutxi dugunez, pilotan zentratzea erabaki nuen.

Binakako Txapelketan diharduzue egun: Olatz, Promozio Mailan zabiltza, eta Leire, Lehen Mailan; nola zabiltzate?

L.G.: Eneritz Arrieta da nire bikotekidea, eta bi partidu jokatu ditugu. Aurrez, behin bakarrik geunden elkarrekin arituta, eta lehen partidua, horrenbestez, elkar gehiago ezagutzeko aprobetxatu genuen; bigarrenetik aurrera hobeto moldatu gara. Txapelketan, luzea denez, inportantea da partidu onak egitea, bikote guztiak oso onak direlako, eta, horrez gain, irabaztea edo, behintzat, tanteo ona izatea. Erregularra izatea ere garrantzitsua da.

O.I.: Nire kasuan, hiru partidu jokatu ditut: lehenengoan, nire bikotekidea [Nahia Vertiz] ezin izan zen etorri; beste pilotari batekin aritu nintzen, eta galdu egin genuen. Gainontzeko biak, ordea, irabazi egin ditugu.

Domekako partiduei dagokienez, ba al daukazue aurreikuspenik?

O.I.: Guk jokatuta dugu domekako aurkarien kontra [Iriarte eta Sotil], eta, lehen partidua nahiko parekatua izan arren, aurreratu egin ginen, azkenean. Dena den, gogorra izango da partidua bien aldetik, aurrelariak joko asko baitu, eta atzelariak ez du hutsik egiten; lan handia egin beharko dugu.

L.G.: Partidu guztiak gogorrak dira, eta domekakoa ere seguru horrelakoa dela; laurok [Ruiz de Larramendi eta Aranburu izango ditu aurkari, Arrieta bikotekide duela] ondo ibiliz gero, asko luzatu daiteke. Ea nolako partidua egiten dugun, baina espero dut gure aldeko eguna izatea eta irabaztea edo, behintzat, puntu hori erdiestea.

Ba al daukazue helburu jakinik txapelketa honetan?

O.I.: Hasiera batean, txapela erdiestea dut asmotzat. Azkenengo aldiz jokatu nuenean txapeldunordea izan nintzen, eta badut arantzatxo hori kentzeko gogoa. Halakorik ezin bada izan, partiduak ondo jokatzea eta eskuko minik ez edukitzea nahiko nuke.

L.G.: Nire helburua partidu bakoitzean ahalik eta ondoen jokatzea da, eta geroz eta hobeto ibiltzea pixkanaka, baita nire bikotekidearekin ere. Ea puntu batzuk lortzeko gai garen eta txapelketa polita egiten dugun.

Gerora begira, pilotan jarraitzeko asmotan al zaudete?

L.G.: Txapelketak hor daude beti, baita berriak ere; entrenatzen jarraitzeko asmoa dut, txapelketa gehiagotara joateko.

O.I.: Leirek aipatu bezala, partiduak jokatzen jarraitu nahiko nuke, ahalik eta gehien. Denbora eduki artean, behintzat, gozatzen jarraitu nahi dut, ahal den bitartean aukerak aprobetxatzen. Gaizki pasatuz gero, beste kontu bat da...

Ados Pilota klubaren eskutik etorri da txapelketa hau; zer-nolako garrantzia dute horrelako ekimenek?

O.I.: Gu hasi ginenean ez zegoen nesken txapelketarik, beti jokatzen genuen mutilekin, baina orain neskok ditugun aukerak geroz eta handiagoak dira: txapelketa asko daude, eta hori polita da. Beti ikusten ditugu mutilenak, baina neskenak ez dira horrenbeste nabarmentzen.

L.G.: Neskendako aberasgarria da. Lehenago ez zegoen horrelako aukerarik, baina geroz eta gehiago dabiltza zabaltzen egun. Bada, ea horrelako aukerekin neska txikiak ere gehiago hasten diren pilotan jokatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak