Dantzaleku bilakatuko da, bi astean behin, zapatuetan, Olaran kultur etxeko beheko aretoa aurrerantzean, Landatxope jubilatu eta pentsiodunen elkarteak antolatuta dantzaldiak egiten hasi baitira arratsaldeetan. Lourdes Arenaza da hara joaten den dantzazaleetako bat, eta adierazi du espazio "irekia" dela: "Martitzenetan ikasteko elkartzen gara ikastaroan, baina zapatuetako deialdia zabalagoa da, dantza egin eta ondo pasatu nahi duten herritar guztiei zuzenduta".
Urtarrilaren 11n egin zuten lehen saioa, eta, gaur-gaurkoz, bi egin dituzte, urtarrilaren 25ean izan baitzen bigarrena. Aurrera begira, gehiago egiten jarraitzeko asmoa dute: datak zehaztuta, gaur eta otsailaren 15an –astebetez aurreratu dituzte, beste ekintza batzuk zeudelako 8an eta 22an–, eta martxoaren 8an eta 22an izango dira hurrengoak, gehiagoren esperoan.
Parte-hartzaileek, batik bat, saltsa eta bachata egin dituzte orain arteko zapatuetako dantza saioetan, hori ikasten baitabiltza martitzenetako ikastaroetan; hala ere, Arenazak azpimarratu du edozein dantza egin daitekeela: "Udalak eman zigun lokala saio zabalak egiteko, ez bakarrik gure dantzekin osatua, baizik eta datorren horrek egin nahi duenarekin; esate baterako, norbaitek trikitia egin nahi izanez gero, ez dago arazorik; hori egingo dugu! Asmoa dantza eginez denbora pasatzea da".
Lotsak albo batera uztea
Egindako lehen bi saioetan sei-zazpi dantzazale elkartu dira, eta ekimeneko parte-hartzaileek kezka dute ea jende gehiagorik ez ote den animatuko; hala, horretarako dei egin diete herritarrei. Haien hitzetan, adinak ez du axola, eta lotsak bazterrean uztea da bideetako bat: "Ez lotsatu eta etorri!".
17:30ean irekitzen ditu ateak Antzuolako dantzaleku berriak, eta nekatu arte aritzen dira dantzazaleak gorputza mugitzen, ez baitute ordu-mugarik.
Martitzenetan, Torresoroan
Landatxope elkarteak 2023- 2024ko ikasturtean antolatu zuen lehenengo aldiz areto-dantzak egiteko ikastaroa, Udalarekin elkarlanean, eta han dihardute, hain zuzen ere, zapatuetan elkartzen direnetako dantzazale batzuek. Bi talde egiteko asmoa zuten ikasturte honetan, hasiberriena eta arituena, baina, azkenean, ez da posible izan, Lourdes Arenazaren hitzetan: "Hala, irakasleak esan zigun batzuek itxaron egin beharko genuela, eta besteek, berriz, martxa pixka bat hartu beharko zutela; azkenean, guztiok batera gaude, elkarrekin egiten dugu dantza".
Hain zuzen ere, Estitxu Bravo dantza-irakaslearen gidaritzapean egiten dituzte martitzenero saioak, 17:00etatik 18:30era bitartean, Torresoroa aretoan; hala ere, gidaria ez da bakarrik aritzen ikastaroan, sarritan alboan izaten baititu Uxue eta Naroa Martin irakasleak eta, era berean, alabak.
Urriaren 1ean ekin zioten ikasturteari, eta maiatzaren 27ra arte iraungo du. Ondoren, ikasten duten guztia praktikara eramango dute zapatuetako dantza saioetan, hala nahi duenak horretarako aukera izango baitu