Dolu perinatalean dauden edo egon daitezkeen gurasoen alboan egon eta bidelagun izateko helburuarekin, amabitxi eta aitabitxi izateko formakuntza martxan du Esku Hutsik elkarteak, eta Antzuolan izango da urtarrilaren 26an, domeka, 10:00etatik 14:00etara, Olaran kultur etxean. "Helburua da dolu perinatal batetik pasatuta gauden amok eta aitak egoera horren bueltan apur bat formatzea, doluan egon daitezkeen gurasoei pista, baliabide eta helduleku batzuk emateko; izan ere, zurrunbilo horretan egonda, zaila izaten da bidea zein den ikustea", adierazi du Kristina Pavo antzuolarrak. Haren hitzetan, norberak egin behar du bidea, eta, ziur aski, laguntza profesionala beharko da prozesu horretan, baina egoera uler dezakeen beste pertsona bat alboan izatea ez dago soberan: "Hor, batik bat, entzun ere egin behar da, asko entzun".
Nereida Barrikarte izango da formakuntzaren dinamizatzailea, doluan dagoen ama eta psikologo perinatala. "Guk, azkenean, hortik pasatu garenok, esperientzia pertsonala dugu, baina hark hori, nolabait, teorizatu egiten du: bizipenak konpartitzen ditugu, baina, era berean, gertatu zaigun hori ulertzen dugu, besteei lagundu ahal izateko: sentipenak, minak, hartu beharreko erabakiak zeintzuk izan daitezkeen, zerk laguntzen duen eta zerk ez...". Hori ahalbideratzeko, ordea, nabarmendu du ez dela komeni taldea oso handia izatea: "Espazioa segurua eta erosoa izan dadin, konfiantzazkoa".
Hartzailea, zehatza
Formakuntza, horrenbestez, ez dago edozein herritarri zuzenduta, baizik eta dolu perinatalean izan diren gurasoei. Aldi honetan, gainera, bada berritasun bat: "Orain arte, amabitxi tailerra bakarrik egin izan da, amoi zuzenduta zegoena; hala ere, Antzuolan egiteko proposamena iritsi zitzaigunean, gai honen bueltan gabiltzanon artean elkarrizketa bat sortu zen ea zergatik ez zabaldu aitei, eurak ere hor daudelako eta euren dolu propioa dutelako; horrenbestez, lehen aldia da aitak ere saioan izango direna, eta badakigu, gainera, baten batek izena emana duela".
Han-hemenka emandako formakuntza horien bitartez, Pavoren hitzetan, Esku Hutsik elkarteak helburu du Euskal Herriko hainbat zonatan amabitxi eta aitabitxi sareak sortzea –kasu honetan, Debagoienean–, dolu perinatalean egon daitezkeen pertsona, familia edo ingurukoek laguntza behar izanez gero bidelagunak izan ditzaten. "Bailaran, zorionez, baditugu profesionalak gai hori ezagutzen dutenak eta profesionalki laguntza emateko prest daudenak; eta modu informalean ere egin izan dugu lan hori aspalditik. Edozelan ere, Esku Hutsik elkartearen proposamenak ematen digu aukera modu antolatuagoan saretzekoa, eraginkorragoa izan daitekeelakoan: familia bat elkartera etorritakoan, inguruko amabitxiak eta aitabitxiak aktibatu egingo dira, eurekin harremanetan jarri nahi izanez gero". Are gehiago, erantsi du gerora luzaroan mantentzen direla harreman horiek, "denboran iraun" egiten dutela.
Izen-ematea
Bizipen-formakuntzak seigarren aldia izango du Antzuolan, eta, parte hartu nahi izanez gero, jakinarazi dute halabeharrezkoa dela aurretiazko izen-ematea. Hain zuzen ere, zortzi pertsonako taldea osatu nahi dute; hala, interesa izanez gero, mezu bat bidali behar da eskuhutsik@gmail.com helbide elektronikora, eguna baino lehen.