Meaka-Irimo herri plataformak eta Andramanuelak taldeak antolatuta, Decrecimiento ecofeminista para vivir bien (Desazkunde ekofeminista ondo bizitzeko) hitzaldia egin zuen hilaren 18an Amaia Perez Orozco (Burgos, 1977) ekonomialari feministak, Olaran kultur etxean.
Desazkunde ekofeministaz jardun zenuen; nondik abiatuta?
Munduaren egituraren transformazio bat bizitzen ari gara, eta funtsezkoa da aldaketa oso sakonak egitea bizitzaren defentsan, ekarpen bat egitea: norantz nahi dugun mundua aldatzea eta nola egin genezakeen arriskuan dagoen bizitza horren alde, bizitza kolektiboarena, planetarena. Feminismotik sortzen den proposamen bat da, begirada ekologista duena: ekofeminismotik. Ez dira egiturak edo erakundeak aldatu behar soilik: benetan bizitzea merezi dugun bizitza hori ulertzeko modua ere aldatu behar da.
Zertan du oinarria ekofeminismoak?
Ekofeminismoa saiatzen da sistema sozioekonomikoan askotan ezkutuan egon ohi diren dimentsioak bazterrean ez uzten: feminismotik, zaintzak aipatuko genituzke; eta ekologismoaren alorretik, berriz, lehen lerroan jartzea planetaren osotasunean gertatzen ari dena. Kontua ez da soilik kapitalismoa zalantzan jartzea, lan-merkatuan gertatzen dena, baizik eta sistema ekonomikoko dimentsio guztiez hitz egitea; batik bat, ezkutuko bizitza eusten dabiltzanei buruz.
Ekonomialari feminista zara; nola uztartu daiteke ekofeminismoarekin?
Zail samarra egiten zait ekonomia feministak planteatzen duenaren eta ekofeminismoaren artean mugak jartzea; ez dago muga garbi bat. Batzuek duela urte batzuk ekonomia feminista deitzen genion horri, egun, beste kide askok ekofeminismoa deitzen diote. Funtsean, planteamendua da ez diogula munduari merkatuen bidez begiratu nahi; aitzitik, bizitzari bere osotasunean begiratu nahi diogula erdigunean jarrita.
Bizitza da abiapuntua eta amaiera, horrenbestez.
Bai, eta horretarako merkatuetan gertatzen denak eta diruak erabat zeharkatzen duen begiradari aurre egitea.
Hainbat dira inguruko mehatxuak; horietako bat, Trekutz parke eolikoa.
Bai; egun dugun sistema naturarekiko gerran eraikitzen da, eta esan dezakegu sustrai erabat erauzlea duela: horrenbestez, sistema ondo doa natura baliabidetzat dituen horien etengabeko harrapakaritza gauzatzean. Planteamendua, beraz, horri ere buelta osorik emateko beharrean oinarritzen da: ez dira gure proiektu zibilizatzailerako baliabideak, soilik planeta bizirik baldin badago bizi baikara.
Ekofeminismoak nolako indarra du Euskal Herrian?
Merkatuei begira errebeldian eraikitzen saiatzen diren bi begiraden topaleku izan behar du ekofeminismoak, eta uste dut hori pil-pilean dagoela: agian, ez darabilte kontzeptu hori, baina feminismoaren zati handi bat ari da bere sustrai urbanozentrikoa berrikusten, baita alderantziz ere: nekazaritzaren arloa zeharkatzen duten egitura heteropatriarkalak zalantzan jartzen dabiltza beste zenbait kide. Beraz, ekofeminismoak baditu zenbait espazio, baina gutxi harilkatua dago oraindik.
Zer behar da urrats gehiagorako?
Une oso konplexuan gaude kolektiboki, desanimo eta etsipen unean. Begirada kritikoen bateratzea behar dugu, begirada desberdinen arteko elkarrizketarako gaitasuna, espazio ezberdinetatik eraikitzen saiatzea: mugimendu feministatik, sindikalismotik, lurralde subiranotasun handiagoaren alde dabiltzanetik... Elkar entzuteko dei egingo nuke.