Udalak bultzatuta, eta "jabeen edo haien oinordekoen landa-ondasunen inguruko ezagutza faltak eta ezjakintasunak mugak nahastea edo besterik gabe desagertzea" ez dezan eragin, landa-lurzoruko lursailak topografikoki mugatzeari ekingo dio Geograma enpresak. Horretarako, udalerriko lehen poligonoan –bost daude guztira– hasiko dituzte lanak; alegia, Juan Kruz Lizarralde Udaleko Ingurumen zinegotziaren hitzetan, Galartza eta Uzarraga auzoetatik, osorik, eta Lizarraga auzoaren zati batetik –hiru poligonoren artean dago banatuta–, Bergarako mugetaraino. Hala, helburua da "mugetan egon daitezkeen akats posibleak argitu eta zuzentzea, eta mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ematea".
Udalak emandako informazioaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea Sailaren dirulaguntza baliatu dute lan horiek egiteko, eta 481 hektareako azalera duten 359 lursail baino gehiago mugatuko dituzte lehenengo fase honetan. "Proiektu horretan Udalak daukan erronka oso garrantzitsua da, handia baita landa-lurraren hedadura. Hori dela eta, gainerako poligonoak hurrengo urteetan egingo dira".
Jabeen parte-hartzea
Lan horiek "behar bezala" egiteko, alabaina, Udalak nabarmendu du ezin duela berak bakarrik jardun, lursailen jabe diren 103 herritar baino gehiagoren kolaborazioa ezinbestekoa dela azpimarratuta. Haren hitzetan, jabe horien ardura da auzokideekin lursailen mugak adostea ez ezik, topatzea eta garbitzea, hala ezean ezin daitezkeelako egin neurketa topografikoak. Parte-hartzea, gainera, borondatezkoa da, eta ez du gastu ekonomikorik eragingo parte-hartzaileengan.
Jabe horien guztien lankidetza, horrenbestez, beharrekotzat jotzen du Udalak, eta horretarako bi batzar egingo dituzte abenduaren 3an, Olarango beheko aretoan, 11:00etan eta 18:00etan. Udalaren hitzetan, orduan azalduko dituzte proiektuaren xehetasunak, guztien intereseko proiektua dela iritzita.