Nazio bat kontakizun bat dela dio Iñigo Larramendik, Nabarralde Fundazioko zuzendariak: "Hainbat osagai ditu, hala nola hizkuntza, ohiturak eta ikurrak, baina oharkabean daude horietako asko; normaltzat jotzen dira. Askotan, ordea, ziri bat dute: horien ezagutza beharrezkoa da, historiaz jakiteko eta gure berri izateko". Bada, horri tiraka ondu du Patxi Olabarriak Gipuzkoako armarria, gure historiaren ispilu lana.
Martitzenean, hilaren 26an, aurkeztu zuen liburua, Olaranen: Antzuolako Armarriaren Alardea lana idatzi ondotik iritsi zitzaion Gipuzkoakoari eusteko proposamena, Nabarralderen eskutik.
Iruñeko Erresumaren eratzetik hasi –duela 1.200 urte– eta mendez mendeko bidea izan du hizpide; armarriaren ibilbidea xehatu du. Haren esanetan, Gipuzkoako lurraldearen ermandadea sortu zen 1397an, eta erabiltzen zuten zigiluetako batean errege bat ezpata batekin ez ezik, hiru zuhaitz ageri ziren itsaso gainean: Enrique IV.a erregeak urte batzuetara eman zuen Nobilis ac fidelis proviniciae guipuzcoae erabiltzeko baimena, baina Olabarriak dio "gipuzkoarrek" ez zutela erabili, "berandu arte". Kanoiei dagokienez, 1512an ezarri zizkion Juana I.ak, eta erregea, zuhaitza eta kanoiak zituen armarria sortu zuen.
Eremuen esanahia
XVI. mendean, heraldika jakintza arloa sortu zen, eta esanahia eman zieten armarriko irudiei: "Kanoiena bazuten, baina, beste irudiak zer diren azaltzen duen dokumenturik ezean, epikotasuna erabili zuten". Hala, Olabarriak adierazi duenez, batetik, azaldu zuten "erregeak nafarren eta aragoiarren arteko bataila" adierazten zuela –XVII. mendean hasi ziren esaten Alfontso VIII.a zela, eta egun bertsio ofiziala da Henrike IV.a dela–; eta zuhaitzekin, bestetik, euskaldunen eta erromatarren arteko gudua irudikatzen dela, euskaldunek euren buruaz beste egin zutela hagin pozoitsuekin erromatarren eskuetan jausi aurretik.
Ordutik hona, aldaketak izan ditu armarriak. Gipuzkoako Batzar Nagusien eskariz, 1985ean kendu ziren kanoiak eta erregea; halere, ez zuten Fidelissima bardulia nunquam superata esaldia kendu, eta koroa gehitu zioten gainaldean.
Ateratako ondorioak
Olabarriak ondorio batzuk atera ditu armarriak izandako ikurrak gogoan, "hori frogatzeko hainbat adibide" txertatuta: "Batetik, aipatzen dut ageri zen erregea nafarra zela –liburuan aipatzen denez, Eneko Aritza–; eta, bestetik, zuhaitzak ageri direla euskaldunok arbolen azpian elkartuta hartzen genituelako erabakiak; are gehiago, hiru dira, oraingo Gipuzkoa hiru eremutan zegoelako banatuta, hiru elizbarrutitan, hiru tenentziatan eta hiru euskalkitan".
Salgai da liburua
Liburua salgai dago udaletxean edo Itzar liburudendan, 10 euroren truke. Horrez gain, Durangoko Azokan ere eskuragarri izango da Nabarralderen erakusmahaian.
Armarriaren aldaketarako proposamena
Olabarriak dio herri baten sinboloak "berrikusi" egin behar direla, Gipuzkoako armarria kasu: "Kantoi bakarreko armarria, Nafarroaren kolorea den zoru gorrian, itsasaldeko Nafarroa irudikatzen duen itsasoaren ondoan hiru zuhaitz dituena. Zuhaitzen izena zehaztu gabe: haritzak, haginak, ezkiak, arteak, zumarrak, sagarrondoak edo bakoitza ondoen identifikatzen dena, euskaldunok gure erabakiak hartzeko zuhaitzaren azpian elkartzen baikinen; eta zuhaitzak, berriz, hiru, Nafarroako Erresumaren baitan, itsasora irteera zuten hiru tenentziatan banatuta zegoelako orain Gipuzkoa deitzen den lurralde hau".