Jon Mata: "Asmoa jendeari bertsoekin ondo pasa daitekeela helaraztea izan da"

Sara Lanz 2024ko aza. 23a, 13:32

Antzuolan atzo ospatu zen Azaroan Arazoak-eko lehen edizioak harrera ona izan du herrian, gaztetxea bete baitzuten. Bertsolaritza eta umorea uztartuz zituzten saioan zehar. Iñaki Gurrutxagak, Txomin Alberdik eta Aritz Kortabarriak osatutako GTA taldea izan da lehen edizio honetako irabazlea.

Kaleko bertso eskolaren eskutik, herri mailako lehenengo bertsolari txapelketa jokatu zuten atzo, Antzuolako gaztetxean. Bertsolariak hiruko hiru taldeetan hartu zuten parte: Arazo esKale (Faran, Ionli eta Iñaki), 3 Perdigoi (Jon, Olatz eta Alazne) eta GTA (Gurru, Txomin eta Aritz). Azken honek, GTA-k, eraman zuen lehen postua, bigarren eta hirugarren postuei dagokienez, ez ziren erabaki.

Umorea nagusi

Saioari hasiera mozorrotuta eman zioten bertsolariek. 3 perdigoi taldea ehiztariz, Arazao esKale taldea eskalez eta GTA gaizkilez. Hasiera dibertigarri bat izan zuen saioak, bertan talde bakoitzak bere aurkezpena egin zuen, baina, aurkariak xaxatuz.

Iraia Gabilondo gai-jartzaile bezala, bederatzi ariketa egin behar izan zituzten bertsolariek. Bertso eskolako eta txapelketako partaide Jon Matak, ariketak orokorrean ondo baloratu ditu: "Betsoak sinpletik jota eta jolas eran izan ziren. Gainera, publikoak elkarreragiteko aukera izan zuen". Adibidez, pertsonaiak asmatzeko ariketan publikoak parte hartu zuela azaldu du Matak.

Edonori zuzendutako saio bat izan zela argi utzi nahi izan du Matak, "bertsoak gustuko ez dituen batek, ondo pasatu zuela esan zidan". Bertsolaritza aspergarria den mitoa apurtu, eta umoretik ere bertso txukunak egin ahal daitezkeela erakustea lortu dutela azaldu du.

Gaztetxea goraino

Asko izan ziren gaztetxera gerturatutako antzuolarrak "100dik gora pertsona zeuden, agian 200 bueltan egongo ziren" adierazi du Matak. Inguruko herrietako jendea ere gerturatu zela esan du txapelketako partaideak: "Bergarako bertso eskolako jendea gerturatu da. Kantuan ibili den bat bergararra denez, bere ingurukoak ere bertan izan ziren". Urretxuko eta Zumarragako bertso eskolak antolatzen duen Martxoan bertsoa taldekako txapelketako partaide batzuk ere animatu zirela gaineratu du Matak. Bestetik, lagun dituzten oñatiar bertsolari batzuk ere bertsoak entzuten egon zirela esan du.

Matak, emaitzarekin pozik daudela eta antolakuntzakoek "oso balorazio positiboa" egin dutela azaldu du. Bigarren edizio bati begira, jende gehiagok parte hartzea eta posible baldin bada saio bat baino gehiagoko txapelketa egitea gustatuko zitzaiela aditzera emanez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak