Iñaki Gurrutxaga Gurru, Txomin Alberdi, Aritz Kortabarria, Olatz Abasolo, Alazne Jauregi, Jon Mata, Iñaki Aldazabal, Ibai Zabalo Faran eta Ion Lizarazu Ionli. Hiruko hiru taldetan banatuko dituzte, eta, banaka kantatuko duten arren, puntuazioa taldearendako izango da. "Asmoa da bertso saio umoretsua egitea. Hau da, bertso saioetan gai sakonak lantzen diren mito hori apurtu gurako genuke. Alegia, umoretik eta ondo pasatuz bertso txukunak egin daitezkeela erakutsi gura dugu", esan du bertso eskolako eta txapelketako partaide Jon Matak.
Hasierako eta bukaerako agurraz gain, bederatzi ariketa egin beharko dituzte: oinak emanda bertsoak osatzea, Ganbara formatuan; koplaka ofizioak; zortziko txikian ofizioak kantatzea; azken aurreko puntua emanda bertsoa osatzea; errima berean, puntuka, oinak bukatu arte bertsoa osatzea; Oinak asmatzera ariketa; tribiala; Pertsonaia asmatzera ariketa; eta puntu erantzunak, Ganbara formatuan. Iraia Gabilondo izango da gai-jartzailea.
Herritarrei gonbita
Urretxuko eta Zumarragako bertso eskolek Martxoan bertsoa taldekako txapelketa egiten dute urtero. Antzuolako bertso eskolako kide batzuk egon ziren saioetako bat ikusten aurtengo txapelketan, eta han sortu zen herrian halako bat egitearen ideia. "Asko gustatu zitzaigun proposamena: alde batetik, bertso saioek transmititzen duten seriotasunetik harago, beste saio mota batzuk egin daitezkeelako; eta, beste alde batetik, inoiz jendaurrean bertsotan egin ez dutenendako aukera ezin hobea delako. Txapelketan jardungo dugunetako batzuk ibili izan gara jendaurrean kantuan; baina beste batzuendako lehen aldia izango da. Beraz, egun berezia izango da; lagunen babesean kantatzekoa, baina, publikoaren aurrean", esan du.
Kaleko bertso eskolaren su txikian egosi duten hori oholtza gainean erakusteko ordua heldu zaie txapelketan parte hartuko dute bederatziei. Bada, haien lana epaitzen egongo direnez gain, herritarren babesa ere "oso garrantzitsua" dela uste dute antolatzaileek. "Gaztetxean elkartuko gara, eta gurako genuke herritarrak ere bertan egotea. Txapelketa hasi baino lehenago zabalduko dituzte ateak. Beraz, herritarrak eta bertsozaleak gonbidatu gura ditugu, herriko lehen txapelketaz goza dezaten. Ondo pasako dute".
Bertsogintzan eragiteko
Zaletasunean eragin guran sortu zen Kaleko bertso eskola, duela bi urte; herriko bertso zaletasunean eta bertsolaritzan eragitea, alegia. Hain zuzen ere, hasierako asmo horretan sakontzen jarraitzeko aukera ematen du herri mailako txapelketak. "Bertsogintza nahiko geldi zegoen Antzuolan, eta taldetxo bat hasi ginen elkartzen, formatu formalik gabe, bertsotan lasai jarduteko. Baina helburu nagusia zen, eta oraindik ere bada, garai batean gure herrian zegoen bertsogintzari bultzada ematea. Bertsotan egin gura dutenei aukera ematea, eta bertsoak entzun gura dutenei ere bai", azaldu dute.
Hortaz, bertso eskolan lehen urratsak egin gura dituenak zabalik ditu ateak. Eguaztenetan elkartzen dira, gaztetxean, 19:00etan. Ez dute gutxieneko mailarik eskatzen, eta ez dago adin mugarik. Gaur egun, 20 eta 50 urte arteko zazpi bat lagun elkartzen dira. "Etorri guregana. Ez izan beldurrik. Kantuan egin gura duenak edo bertsopaperetan jardun gura duenak. Guztiek dute lekua", diote.