Indartsu da Meaka-Irimo plataforma, ekarpenak egiteko asmoz

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko aza. 25a, 09:59

'Trekutz parke eolikoa' proiektuaren aurkako pankarta bat. Irudia: Goiena.

Urtebeteren ondoren, taldea "handitu" egin nahi duten arren, plataformakoek aurrera jarraitzea erabaki dute. Hainbat ekintza antolatu dituzte datozen hiru hilabeteetarako, eta abenduaren 18an izango da lehena: Amaia Perez Orozcoren hitzaldia.

Meaka-Irimo herri plataformaren ibilbideak urtebete egin du, eta lanean jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute taldekideek: "Indartsu", gainera. "Denbora ez baita alferrik pasatzen, eta talde honek, egindako bidean, aukerak sortu ditu energiaren ertzetan arakatzeko, eta jasotako ezagutzan, zalantza berriak azaltzearekin batera, indarra ere aurkitu dugu". Bada, orain arteko indar horri eutsiz, ekarpenak egiteko asmoa dute datozen hilabeteetan ere: "Ahaztu gabe mehatxu horrek –batik bat, Trekutz parke eolikoarenak, Antzuolako kasuan– kalean ere izan behar duen presentzia".

Hori dela eta, abenduaren 18an, eguaztena, izango da lehenengo ekintza: Amaia Perez Orozcok, ekonomialari feministak eta Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean doktoreak, hitzaldia egingo du. Abenduaren 23an, berriz, astelehena, elkarretaratzea egingo dute, Eusko Jaurlaritzaren atarian, Gasteizen, Trekutz parke eolikoaren proiektuarekin ez daudela ados aldarrikatzeko. Horrez gain, abenduaren 26an, San Esteban Eguna dela-eta, erakusmahaia jarriko dute. Eta abenduaren 31rako, berriz, irteera antolatu dute Irimora, iaz egin bezala.

Urtarriletik aurrera, gehiago

Datorren urterako ekintza batzuk ere programatuta dituzte. Esate baterako, urtarrilaren 29an, Vidas irrenovables dokumentalaren emanaldia izango da, eta, ondoren, Francisco J. Vaquero zuzendariarekin solasaldia. Otsailaren erdialdean, berriz, data zehaztu gabe dagoen arren, Fernando Valladaresen hitzaldia izango da, CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlari eta unibertsitateko irakaslearena: hain zuzen ere, azaldu dutenez, Biologian doktorea da, eta biodibertsitateak klima aldaketan duen rola ikertu du: "Gizakion jarduerak ekosisteman duen eragina".

Mobilizazioa Eusko Jaurlaritzan



Jaurlaritzak, plataformaren arabera, ez du Trekutz parke eolikoaren xehetasunik eman oraindik, baina azaldu dute, "komunikabideen arabera", Cilda Energy enpresak urte bukaerara arteko epea hartu duela zer egin erabakitzeko. Bitartean, mobilizatzen jarraituko dute, hilaren 19an Eusko Jaurlaritzaren atarian, Gasteizen, egin bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak