Lehen Hezkuntzako ikasleen %4,63k dute telefonoa Herri Eskolan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko aza. 16a, 16:57

Haur bat izara artean eskuko telefonoari begira. Irudia: Pexels.

Altxa Burua taldeak egin du ikerketa, Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoei galdetegi bat pasata. Erloju adimendunak ere gogoan izan dituzte, eta ohartarazi kezkatzat dutela gailu horien kopurua, hamar ikasletik ia lauk baitute. Adostasunean jarri dute arreta.

Lehen Hezkuntzako ikasleen %4,63k dute eskuko telefonoa Antzuola Herri Eskolan, Altxa Burua taldeko kideek ohartarazi dutenez. "Ikasturte hasierako irakasleen aurkezpen-ekitaldiak aprobetxatu genituen galdeketak egiteko, bildutakoen seme-alabek eskuko telefonoak edo erloju adimendunak dituzten jakiteko, datu horien berri izateko asmoz, eta, emaitzak jaso ondoren, balorazio positiboa egiten dugu", adierazi du Ion Gurutz Biterik, Altxa Burua taldeko kideak.

Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik hasi eta seigarrenera arteko ikasleen gurasoei pasatu diete galdetegia, eta 108 erantzun jaso dituzte guztira. Hala, asmoa da urtero galdetegi bera pasatzea, urtez urteko bilakaera ikusi ahal izateko. "Emaitza horiek guztiak, gainera, Pausokaren –guraso elkartea da– bitartez eskolako guraso guztiekin partekatuko dira".

Mailaz mailako datuei erreparatuz gero, bosgarren mailako ikasleek dituzte eskuko telefono gehienak: zehazki, 21 galdetegi bete dituzte maila horretan, eta horretatik bik dute sakelakoa: alegia, %9,52k. Hirugarren mailakoak (%5,56), seigarrenekoak (%4,35) eta laugarrenekoak (%3,83) daude, hurrenez hurren.

Erloju adimenduna, %37,96k

Smartwatch-ak, eskumuturreko erloju adimenduak, ere gogoan izan dituzte galdetegi horretan, eta ondorioztatu dute ikasleen %37,96k –zehazki, 108tik 41ek– dutela horrelako erloju bat; batik bat, laugarren mailakoek. Hain justu ere, maila horretan jasotako 26 erantzunetatik 17k dute bat; edo, beste modu batera esanez gero, hamarretik seik –%65,38, guztira– baino gehiagok.

Bosgarren mailako zenbatekoei dagokienez, ikasleen %38,10ek dute erloju adimendun bat, eta seigarrenekoen %37,49k: are gehiago, bigarren (%18,18k) eta hirugarren (%33,33k) mailako ikasle batzuek ere badute horrelako bat. "Uste dugu hobetzekoen artean dagoen puntuetako bat dela erloju adimenduena", erantsi du Biterik.

Adostasuna eta atzeratzea

Bateko edo besteko gailuen kopuruaz harago, galdetegian beste bi galdera txertatu dituzte taldekideek: alde batetik, galdetu dute ea gurasoak prest egongo liratekeen, beste familia batzuekin elkarlanean arituz, eskuko telefonoaren erabilera atzeratu eta adosteko, eta baiezkoa erantzun dute %94,44k: hau da, 108tik 102 guraso ados daude puntu horrekin. Horrez gainera, seme-alabei telefonoa emateko adin egokiena zein den ere galdetu diete gurasoei, eta ondorioztatu dute %56,48k uste dutela gutxienez 16 urtera arte itxaron beharko litzatekeela horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak