Euskarazko literaturaren inguruan zaletasuna pizteko asmoz egin zituen lehen urratsak Antzuolako euskarazko irakurle taldeak, eta, aldi berean, herritarren artean irakurketa ohiturak sustatzeko. "Halaber, euskaraz irakurri eta gogoeta egiteko espazio bat sortu nahi da, irakurleek liburuak partekatuz ikuspegi berriak deskubritzeko", adierazi du Miren Zubikaraik, Antzuolako liburuzainak.
Hiru urte igaro dira ordutik, eta martxan jarraitzen du horretarako aukerak, eguenean hasiko baitu taldeak 2024-2025eko ikasturtea, hilaren 14an, Alaine Agirre idazlearen gidaritzapean. "Hirugarren urtea du taldeak, eta Alaine ere hirugarren aldiz egongo da. Haren lana da saioak dinamizatzea, liburuaren inguruko galderak eta iritziak bideratzea eta parte-hartzaileen hausnarketak eta eztabaidak sustatzea".
Taldearen egunerokoa
Urteek aurrera egin ahala "gero eta herritar gehiago animatu" direla nabarmendu du Zubikaraik, eta gaur egun "dozena bat parte-hartzaile" elkartu ohi direla egiten diren saioetan. "Partaideek esan ohi dute taldean irakurtzeaz gain elkarrizketa aberasgarriak eta ikuspuntu ezberdinak aurkitzen dituztela espazio horretan".
Taldeak, hain zuzen, hilabetean behin egiten ditu saioak, gutxi gorabehera, eta aurrez hautatzen dute saioetako bakoitzean landu beharreko liburua, irakurtzeko denbora izan dezaten. Saioetako bakoitzean, horrenbestez, liburua aztertzeaz gainera, "irakurleek euren ikuspegi eta iritziak partekatzen" dituzte.
Ikasturte honetako saioak ere zehaztuta dituzte dagoeneko, eta, datorren eguenekoaz gain, beste bost egingo dituzte aurrerantzean: zehazki, urtarrilaren 16an, otsailaren 13an, martxoaren 13an, apirilaren 10ean eta maiatzaren 15ean izango dira, 18:00etan, liburutegian. "Askotariko lanak landuko dira; aurten, esate baterako, nobela, thrillerra eta ipuinak, irakurleek aukera zabala izan dezaten literatura generoak ezagutzeko".
Parte har daiteke
Irakurle taldea irekia da, eta, horrenbestez, Zubikaraik azpimarratu du interesa duen oro sar daitekeela. Haren esanetan, ez da derrigorrezkoa saio guztietan parte hartzea, baina ohartarazi du aurrez izena ematea komeni dela liburutegian, parte-hartzaileen kopuruak jakiteko eta liburuak mailegatzeko: "Liburuak liburutegian eska baitaitezke; horrela, parte-hartzaileek erosi beharrik gabe irakurri dezakete saio bakoitzean hautatutako liburua".
Sei liburu landuko dituzte ikasturtean
Datorren eguenean hasiko da euskarazko irakurle taldearen ikasturtea, hilaren 14an, eta herritarrek sei liburu lantzeko aukera izango dute. Hauek dira datak, egileak eta liburuak:
- Azaroak 14: Karmele Jaio idazlearen Maitasun kapitala. Nobela da.
- Urtarrilak 16: Ekaitz Goienetxea idazlearen Zaldi mamarroa. Nobela da.
- Otsailak 13: Iñaki Petxarroman idazlearen Lehendakariaren alaba. Nobela-thrillerra da.
- Martxoak 13: Lizar Begoña idazlearen Mundu zitalaren kontra. Nobela da.
- Apirilak 10: Eider Rodriguezen Haragia. Ipuin liburua da.
- Maiatzak 15: Karmele Jaio idazlearen Aitaren etxea. Nobela da.