Herria hobetzeko ekarpenak egitea; herriarendako eraginkorrak izatea; ideiak partekatzeko askatasuna eta aukera edukitzea; gizartearekin sentibera izatea; gazteekin batera ekitea; elkarlanean aritzea; adinekoen lana ikusaraztea eta haien irudiari balioa ematea; herri dinamiketan integratuta sentitzea. Horiek eta gehiago dira Antzuola Lagunkoia egitasmoaren balioak, talde horren atzean dauden edo egon diren antzuolarren hitzetan.
Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Lagunkoia ekimenaren parte da, hain zuzen, Antzuola Lagunkoia, Matia Fundazioak jarri zuen arren martxan, eta duela hamarkada bat, 2014an, egin zituen lehen urratsak, horretarako proposamena jasota. "Laburbilduz, honen helburua da aldarrikatzea pertsona edadetuen ekarpena onura dela herria hobetzeko", azaldu dute Kontxi Elorzak, Juanita Zabalok eta Pilar Etxanizek, Antzuola Lagunkoia taldeko kideek, "herritar guztiak direlako baliagarriak talde baten parte izateko, denek dutelako hitz egiteko aukera eta inor ez delako bestea baino gehiago".
Eginiko lehen urratsak
Hasiera batean, talde independentetzat egin zituzten lehen urratsak, baina Landatxope jubilatu eta pentsiodunen elkartearen alboan. "Herri diagnostiko bat egin genuen, eta 72 ekintza identifikatu genituen; batez ere, hirigintzarekin lotuak. Esate baterako, bainu publikoak jartzea, osasun zentroan ate automatiko bat, bidegorrian bankuak, ur parkea... Asko zaharrentzako barrera arkitektonikoen ingurukoak ziren, baina beti pentsatu izan dugu zaharrentzako ona dena gainontzekoendako ere izango dela".
Eginiko lanaren aitortzatzat, saria
Hamar urteotako ibilbidean sariren bat edo beste ere eskuratu du Antzuola Lagunkoia taldeak. 2018an, esate baterako, Eusko Jaurlaritzak Antzuola Lagunkoia taldearen Ibilbide osasuntsuak proiektua saritu zuen, Euskadi Lagunkoia programaren baitan antolatutako Jardunbide Egokien Sarietan. Guztira, 28 proiektu aurkeztu zituzten, eta finalisten artean gelditu ziren antzuolarrak.
Proiektuak helburu zuen –eta egun ere badu–, ohitura osasungarriak bultzatzeaz gain, harremanak sendotzea eta hirigintza alorra bultzatzea, eta, taldekideek orduko hartan GOIENAri jakinarazi ziotenez, "oso gustura" jaso zuten saria, "eginiko lanaren aitortzatzat". Beatriz Artolazabalek, orduko Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, proiektua txalotu zuen: "Herriko eguneroko bizitza apur bat gizatiarragoa eta guztiontzat gogobetegarriagoa egiten duten gauza txiki horiek guztiak berreskuratzen ditu".
Horretarako, hirigintzaren alorrean egin beharreko ekintzak identifikatzeko, Tipi-Tapa saioak egin izan dituzte –Landatxope elkarteak egin zuen lehena, baina Antzuola Lagunkoiak hartu zion lekukoa–, eta hamar urteotan hiruzpalau egin dituzte. "Kalean ibiliaz argazkiak ateratzen ditugu konpondu beharrekoak kokatzeko, eta txosten bat egiten dugu Udalari bidaltzeko; ondoren, bueltatu egiten digute, esanaz zeintzuk diren euren lehentasunak eta konpetentziak. Horrela, jarraipena bermatzen dugu".
Taldekideen hitzetan, umore ukitu batekin, "aguazilaren lana" egiten dute "etengabe", baina nabarmendu dute Udalak eskertu egiten duela: "Diotenez, lan handia egiten dugu, eta lagungarria da eurendako". Hain justu ere, azkenekoz, iazko urriaren 1ean egin zuten Tipi-Tapa saio bat, eta Antzuola Lagunkoia taldeko kideak ez ezik eurekin batera izan zen Aritz Igeltz, Antzuolako Udaleko Hirigintza zinegotzia.
Hirigintzaz gain, beste hainbat
Gehienbat, horrenbestez, hirigintzan du arreta jarrita taldeak, baina zortzi arlo dituzte guztira langai, egunerokoan landu ohi dituztenak: garraioa, etxebizitza, aire zabaleko eraikinak eta eremuak, herritarren partaidetza eta enplegua, errespetua eta inklusioa, gizarte eta komunitate egitura, komunikazioa eta informazioa, eta gizarte zerbitzuak eta osasuna. Horiek lantzen hasteko, beraz, hainbat proiektu izan dituzte hamar urteotan esku artean.
Komertzio lagunkoiak izan da, zehazki, hamarkada honetan esku artean izan duten proiektuetako bat, herriko komertzioetako arduradunekin elkarlanean: "Helburua zen komertzioek kontzientzia pixka bat izatea nagusiekiko; esate baterako, eserleku bat jartzea denda bakoitzean, edo lupak-eta, prezioak hobeto ikus ditzaten". Proiektu horren asmoa, ordea, harago doa, dendariek pertsona nagusi batzuen familiekiko izan dezaketen bitartekaritza jarduera gogoan izanda: "Haiek dira, hein handi batean, pertsona bat nola dagoen, zein egoeratan dagoen ohartzen direnak egunerokoan, ea burua galtzen hasiak diren edo nahastuta dauden, tratu zuzena baitute dendetan".
Proiektuka ez, baina landuak
Proiektuka ez bada ere, Antzuola Lagunkoiak baditu beste era batera lantzen dituen gaiak: berdintasunaren alorrean, esate baterako, 2019ko martxoaren 8an eginiko Euskal Herriko greba feminista antolatzen aritu ziren; integrazioan, atzerritik etorritako herritarren Udalaren harrera protokoloa ontzen aritu ziren; eta, horrez gain, belaunaldien arteko harremanak ere oinarri dituzte, Idolaz aisialdi taldearekin ekintza batzuk antolatu izan baitituzte.
Horrez gain, garraioan ere arreta jarrita dute aspalditik, eta egun duten borroketako bat da: "Antzuolako kasuan, huts egiten dute konexioek, eta, gainera, aldapa batean dago autobus geltokia; espaloia ere badago, eta hori oztopo da mugikortasun arazoak izan ditzaketenentzat, espaloiaren eta autobusaren artean zulo bat sortzen baita sartu-irtenak egitean". Horri erantzuna emateko, taldeko kideen hitzetan, harremanetan daude Udalarekin, eta hark "premiatzat" ikusten du hori aldatzea: "Baina beste ekintza handiago baten barruan, behin-behinean zerbait egin beharko litzatekeela ere esaten duten arren".
Bakardadearen lanketa
Esku artean dituzten lanketen artean garrantzitsuenetako bat da adineko pertsonen bakardadea, ezkutuko gaia izan arren sarritan, oso ohikoa baita egunerokoan: "Batik bat, gai honek pandemian arduratzen gintuen, bakoitza bere etxean baitzegoen sartuta, bakarrik, eta beldur handia zabaltzen zen, gainera, telebistetan eta. Telefono-deiak egiten genituen jendea nola zegoen jakiteko, eta Gabonetan mezu bat ere banatu genuen postontziz postontzi, baina nahiko inpotente sentitu ginen, zer egin jakin ezinik; gaur egun ere hala gabiltza, gaiari bueltak ematen". Garai batean, esate baterako, ibilbide osasuntsuak egiten hasi ziren, ohitura osasuntsuei bide emateko, baina, batez ere, erlazionatzeko: "Jende jakin bat kalera ateratzeko aitzakia izan zen, harremanak egitekoa eta sendotzekoa".
Taldearen osasuna
Hirigintza, garraioa, bakardadea... asko dira gaur egun ere Antzuola Lagunkoia lantzen dabilen proiektuak, "inoiz ez direlako akabatzen", baina aurrera egiteko jendea beharrean daudela azaldu dute: "Ilusio handiarekin hasi ginen lanean duela hamar urte, baina hori mantentzea ez da beti erraza izaten; pandemiaren ondoren kosta egin zitzaigun martxan jartzea, baina, azkenean, lortu genuen. Hala ere, jende berria nahi dugu erakarri, taldea osasuntsu egon dadin". Elorzak, Zabalok eta Etxanizek erantsi baitute jendea prest egoten dela "gauza puntualetan laguntzeko", baina zenbaitek ez dutela konpromisorik hartu nahi: "Badaude, adibidez, jubilatzen direnean hain ondo sentitu eta loturarik nahi ez duten herritarrak; haiek animatu nahiko genituzke taldera batzera".
Hamargarren urteurrena ere ospatzeko dute oraindik, baina taldekideek aurreratu dute argazkiekin osatutako bideo bat egiteko asmoa dutela, urte hauetan eginiko lan guztiaren lekuko izan dadin; eta horrez gain, eskertze festa bat antolatzeko asmoa dute, ekitaldi bat, Antzuola Lagunkoia taldean parte hartu duten guztien lana aitortzeko helburuarekin.
Zer nabarmenduko zenuke egitasmo horretatik?
Ezkerretik eskuinera: Zabalo, Elorza eta Etxaniz.
JUANITA ZABALO: "HEMEN ARITUTA SENTITZEN DENA ESPLIKAEZINA DA"
"Nik ez nuke aipatuko zer egin dugun hamar urteotan, baina esplikaezina da zer sentitzen den hori eginda. Ni hasieratik nago taldean, eta lehendabizikoetan hasi ginen herriko konponketa lanak-eta zehazten, dena polit geratu zedin Antzuolan, baina ohartu gara badaudela beste premia batzuk; batez ere, pertsonekin lotuak: esaterako, bakardadea eta harremanak. Horrelako premiei erantzuna ematea herriz herri –Lagunkoiak dauden herrietan, behintzat– sekulakoa litzateke".
KONTXI ELORZA: "ZABALDU EGITEN DIRA OHIKO HARREMANEN ZIRKULUAK"
"Batik bat, egindako harremanak aipatuko nituzke, zabaldu egiten baitira ohikoak diren zirkuluak. Taldean giro oso ona eduki dugu, irteerak- eta antolatu izan ditugu, eta jende interesgarria ezagutzeko balio izan digu. Pertsonalki, ohartu naiz badagoela ni baino okerrago dagoen jende asko, behar batzuk dituena, eta, horrenbestez, nahi gabe inplikatzen zara, errazago eta serioago hartzen. Eskerrak eman nahi dizkiet Udalari eta Matia Fundazioari, beti egon baitira laguntzeko prest".
PILAR ETXANIZ: "EGITEN DUGUNA DENDENDAKO DA, EZ GURETAKO BAKARRIK"
"Nik garbi dut egiten duguna ez dela guretako bakarrik, baizik eta denentzako: guretzako ona dena hala izango da gainontzekoendako ere. Hortaz, ekarpena egiten diogu herriari eta hori eginez ongi sentitzen gara. Ona da gure autoestimuarendako ere. Taldean bere ekarpena egiten du bakoitzak, denena onartzen da, eta guztion artean behar dena egiteko gai gara. Hamar urteko errebisioa egiten denean ikusten da zenbat gauza egin diren, eta betegarria dela esango nuke".