Gernika-Palestina plataformaren deialdiarekin bat egingo dute antzuolarrek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 19a, 15:05

2023ko urrian eginiko elkarretaratze bat, 'Palestina libre' lelopean. Irudia: Goiena.

Elkarretaratzea egingo dute astelehenean, hilaren 21ean, Herriko Plazan, arratsaldeko zazpietan, Israel Palestinaren aurka egiten ari den sarraskia salatzeko eta "bakea eta justizia" aldarrikatzeko.

Gernika-Palestina herri plataformaren hitzetan, Palestinaren aurkako "indarkeriak eta genozidioak" hainbat eragileren mobilizazioa eta elkarlana piztu du azken urte honetan Euskal Herrian, "inoiz ikusi gabekoa", baina Palestinaren suntsiketak "ezintasunez" betetzen ditu: "Israelen bortxak eta inpunitateak ez dute mugarik". Hala, "bakea eta justizia" aldarrikatzeko, elkarretaratzeak egiteko deia egin dute Euskal Herriko herri guztietan, eta bat egin dute antzuolarrek.

Horrez gain, lau eskaera egin dituzte plataformako kideek: "Palestinarrek berehalako su etena behar dute, armak isil daitezen eta Israelek egindako okupazio koloniala buka dadin". Mendebaldeko estatuek, berriz, Israelgo estatuari eginiko arma eta baliabide militarren erosketa eta salmenta gelditu beharra dutela azpimarratu dute, eta baita Palestinaren autodeterminazio eskubidea errespetatu behar dela ere: "Palestinako biztanleek baliabide material eta politikoak behar dituzte beren lurraldean gelditu eta duintasunez bizi ahal izateko". Bada, horretarako, eta "bake justu, egonkor eta iraunkorra" helburu izanik, uste dute "elkarrizketa eta negoziazioa" direla "egoera krudel honi irtenbidea emateko" elementu nagusiak: "Nazioarteko komunitatearen parte-hartze aktiboa funtsezko gakoa da. Hori da aldeak negoziatzera bultzatu, eta nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak zorrotz betetzeko modu bakarra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak