Hiri-hondakinen bilketak eta haren tratamenduari dagokion tasak %24,31ko igoera izango du datorren urtean, atzo, hilaren 15ean, eginiko ezohiko osoko bilkuran hori erabakita. Hala, 2025ean, etxebizitza bakoitzak 168,12 euro ordaindu beharko ditu zaborrengatik. "Orain arte, etxebizitza bakoitzeko 135 euro inguru ordaintzen ziren, baina igoera aplikatu behar izan dugu, Europatik datorren lege batek baitio udalentzako hiri-hondakinen gaia ezin dela defizitarioa izan; bakoitzak berea ordaindu behar du, horrenbestez", azaldu du Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak.
EH Bilduko zazpi zinegotzien aldeko botoekin egin zuten aurrera 2025eko ordenantza fiskalek, EAJko laurek abstentziora jotzeko erabakia hartu zutela jakinarazi baitzuen Josu Xabier Arangurenek, jeltzaleen bozeramaileak, "informazioa eta denbora falta" izan zaielako gaia aztertzeko. "Bilera hau ez da prozedura jarraituz egin. Gai garrantzitsua da, eta gauzak egoki egin behar dira; beraz, abstentziora joko dugu". Lezetak berak ere aitortu du "presaka" eginiko ezohiko osoko bilkura bat izan dela, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi aste inguru jakinarazi baitzien gaurko –urriak 16– eguna baino lehenago onartu behar zirela ordenantza fiskalak, hala ezean "gain-kostua" izan zezakeelako Udalarendako.
Igoerak eta izozteak
Zaborren tasak, horrenbestez, igoera izango du 2025ean, baina baita gainontzeko gehienek ere: hain justu, Lezetaren hitzetan, zerga eta tasa guztiek izango dute %3ko igoera; besteak beste, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak, hilerriarenak eta hirigintza baimenenak. Ondasun higiezinei buruzko zergak, aldiz, %1ekoa izango du: "Gipuzkoako Foru Aldunditik joan den astearen amaieran bidali ziguten informazioa balio katastralak %2 igo behar duela, eta horregatik erabaki dugu %1eko igoera ezartzea".
Horrez gain, bi zerga ez dira igoko, "topean" daudelako: ekonomia jardueren gaineko zerga eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.
Ikastaroak, apirilean
Ikastaroen tasei dagokienez, orain sartu dituzte ordenantza fiskaletan, baina, prezioak irailean zehaztu zituztenez, ez dituzte moldatuko; edozelan ere, Olatz Lezetak azaldu du apirileko osoko bilkuran landuko dutela gaia 2025-2026ko ikasturteari begira.