Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia antolatu ohi du urtero KCDk, Bilboko gobernuz kanpoko erakundeak, Film sozialak izenpean, eta hirian ez ezik herrietan ere egiten dituzte emanaldiak. Iaz iritsi zen lehen aldiz Antzuolara, eta, Anelkar elkartasun taldearen eskutik, bigarrengoz egingo dute aurten; hala, "sendatzeko eta eraldatzeko zinema hedatzeko eta ohiko pantailetan maiz ezkutatzen dena erakusteko" asmoz, sei ikus-entzunezko proiektatuko dituzte bihar, 18:30ean, Torresoroa aretoan.
Write my name, Zaintzen duten emakume baserritarrak, La culpable, Puzzleak, Will my parents come to see me eta Retour au cinema vox dira, hain justu, ikusgai izango diren lanak, eta askotariko gaiak landuko dituzte: elikadura burujabetza, Palestinako auzia, bestelako giza eskubideen urraketa... "Zinemaldi honek, geldialditxo bat eginez, gizartearen erronka nagusiez gogoeta egiteko bide bat izan nahi du", adierazi dute antolatzaileek.
Write my name
Fikzioa. Palestina. Ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin. Aniez Atlas da egilea.
Gerran zehar, lau neba-arrebak beren izenak norberaren hankan idazteko eskatzen diote amari. 4 minutuko ikus-entzunezkoa da.
Zaintzen duten emakume baserritarrak
Dokumentala. Euskal Herria. Euskaraz eta gazteleraz. Itxaro Diaz da egilea.
Ezagutu zein den Euskal Herriko zaintzetarako eta elikadura-burujabetzarako proposamena, Durangaldeko emakume baserritarren bidez. 6 minutuko ikus-entzunezkoa da.
La culpable
Fikzioa, laburmetraia. Espainia. Gazteleraz, ingelesezko azpitituluekin. Maria Guerra da egilea.
Virgina Lopez-Medinari elkarrizketa bat egin diote zinemako lanbide ezezagunei buruzko dokumental baterako. Bizitza osoa eman du zinemagintzan, eta poz-pozik dago bere aitarengatik ikasitako lanbideari ikusgarritasuna emateaz. Virginiak dotoretasun handiz jarduten du elkarrizketa errodatzen den bitartean gertatzen diren istripu txikien aurrean: atzealdean entzuten diren ahotsak, egokitu behar den argia, txartelekin sortzen diren arazoak eta abar. 10 minutuko ikus-entzunezkoa da.
Puzzleak
Dokumentala. Euskal Herria. Euskaraz, gaztelerazko azpitituluekin. Kote Camacho da egilea.
Neska gazte batek bere bizitzako une latzak gogoratu beharko ditu, berak ezagutzen ez zituen antzinako irudi batzuk Interneten zabaldu direla ohartutakoan. Bere oroimenetik guztiz ezabatuak zituen une horiek, baina orain egoerari aurre egitea beste aukerarik ez du. 15 minutukoa da ikus-entzunezkoa.
Will my parents come to see me
Fikzioa. Somalia. Somaliarrez, gaztelerazko azpitituluekin. Mo Harawe da egilea.
Eskarmentu handiko emakume polizia somaliar bat preso gazte baten alboan da, beste behin ere, Somaliako sistema judizialaren prozeduretan zehar. 27 minutukoa da ikus-entzunezkoa.
Retour au cinema vox
Fikzioa. Senegal. Frantsesez eta woloferaz, gaztelerazko azpitituluekin. Amina Awa Niang da egilea.
Junior eta Mamadou bere aitonak berriro adiskidetzan saiatuko dira, Ousmane Sembeneren zinemak inspiratuta. Aitonak laguntzak izan ziren 60ko hamarkadan. Laguntasuna hautsi egin zen, ordea, desadostasun artistiko bat zela-eta. Hamarkada batzuk geroago, amaitu gabeko filma bukatzea erabaki dute mutilek. Horrela, aitonen arteko harremanak berreskuratzen eta aitonak elkartu zituen zinema zaletasuna berpizten saiatuko dira mutilak. 33 minutuko ikus-entzunezkoa da.