Jose Luis Elkorok herriko bandera eta gutuna jasoko ditu datorren eguenean, urriaren 10ean, osoko bilkuren aretoan egingo den ekitaldian, 18:30ean, "Antzuolako herriak eskertze bat zor" diolakoan, Olatz Lezeta alkatearen hitzetan: "Herrian utzi duen aberastasun ekonomikoak zein euskarari eman dion bultzadak badu omenaldi bat egiteko besteko pisua".
Haren hitzetan, Elay eta Oerlikon enpresak sortzeko urratsengatik jasoko ditu oroigarriak, besteak beste. "Elgetan jaiotako bergarar batek Antzuolan enpresa bat irekitzeak herriari dakarzkion onurak asko dira. Antzuolar asko ari da hark sortutako bi enpresetan lanean, eta herrian lana izateak balio handia du". Elkorok, gainera, "irabazi ekonomikoez harago, ikuspegi zabalagoa" zuela dio Lezetak: "Enpresa asko dabiltza orain aniztasun funtzionala duten pertsonak lan munduan sartzen, eta Jose Luisek gai horretan ere aspaldi eman zuen pausoa".
Euskara lan munduan
Euskarari lan munduan eginiko ekarpena ere aitortuko dute ekitaldian, Elkorok arlo horretan ere urratsak egin zituelako: "Garbi ikusi zuten gazteleraz lan eginda ingurune euskalduna kutsatzen ari zirela, eta horri buelta eman behar zitzaiola. Baita lortu ere: egun, euskaraz egiten dute lan arlo guztietan, eta beste enpresa batzuentzat eredu izatera pasatu dira". Are gehiago, alkateak erantsi du "herrian ere hainbat erdal hiztun" euskaldundu zituela, eta egun [Elay] enpresak duen filosofia ez dela aldatu.
Alkate "erreferentea"
Euskal Herriko "alkate erreferenteena" izatea ere aitortuko zaio Elkorori: "Izugarria da Euskal Herriaren alde egin duen lana. Euskal Herrian klabeak izan diren momentu guztietan han egon da, eta hori ez da kasualitatea; ez da izan publikoki asko nabarmendu den gizon bat, baina beti egon da atzeko lanean". Hark Euskal Herrian eginiko lanak Antzuolarendako "zeharkako onura garrantzitsua" dakarrela dio alkateak: "Askok amesten dugun Euskal Herri aske horren helburuan egin duen lanarengatik ere bada aitortza hau".
Ekitaldia irekia izango dela azaldu du Lezetak, "xumea eta polita", eta herritar oro dagoela gonbidatuta. Elkoro ere han izango dela jakinarazi du: "Izugarrizko poza hartu du omenaldiaren berri izatean, eta ilusio handiarekin dago Antzuolara etortzeko".
Zubimendiren liburuaren aurkezpena
Han egon zen. Jose Luis Elkoro, bizitza bete bat liburua du ondua Mikel Zubimendi kazetari bergararrak, eta horren harira erabaki du Udal Gobernuak aitortza egitea Elkorori: "Nahiz eta beti eskertuta egon herrian egin duenarengatik, askotan aitzakiaren bat behar izaten baita publikoki eskertza bat egiteko". Ekitaldia egin ondoren, beraz, Zubimendik liburua aurkeztuko du.
Hain justu ere, apirilaren 13an aurkeztu zuen, Bergaran, eta Elkororen biografia batzen du; adibidez, Franco hil ostetik honako Euskal Herriaren gaineko hainbat pasarte garrantzitsu bilduta Elkororen ahotik