Pertsona nagusien ekarpena eta zaintza komunitate bat, manifestuan aldarri

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 2a, 11:46

Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dela-eta, atzo eginiko elkarretaratzea. Irudia: Landatxope.

Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna izan zen atzo, urriaren 1ean, eta, Landatxope jubilatu eta pentsiodunen elkarteak antolatuta, dozenaka herritar batu ziren Herriko Plazan eginiko elkarretaratzean.

Eguerdiko hamabietan egin zuten mobilizazioa Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna baliatuz, eta adineko pertsonek gizarteari egiten dioten ekarpena izan zuten gogoan manifestuan. Baita "guztien arteko zaintza komunitate bat" eraikitzeko lan egin beharra ere: "Jarduera hori ez da lan-merkatuan islatzen, baina bereziki nabarmena da adinekoek beste adineko batzuk zaintzeko egiten duten lana, batik bat, emakumeek, eta hainbat alditan atzerriko andreek". Haien hitzetan, "aitortutako" ahalegin bat izan behar da, eta gizartearekin partekatu beharrekoa.

Lan horretaz –eta beste hainbatenaz; esate baterako, aitona-amonek egiten dutena– harago, ordea, boluntariotzaren indarra azpimarratu dute: "Aktibo eta gure komunitatearekin konprometituta mantentzeko bideetako bat da". Hala ere, aldarrikatu dute "konpromiso" horrek "prezio bat" duela: "Guri eragiten diguten politiken plangintzan, prestaketan eta erabakietan aktiboki parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu: pentsio duinak jasotzera, belaunaldien arteko trukerako aukerak sortzera, IKTetarako sarbidea erraztera,...".

Eskaera "berezia"

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarentzat "eskaera berezia" dutela aldarrikatu dute elkartekideek: "Hiru lurraldeetako zaintzak modu positiboan bateratzea eta migrazio soziosanitarioaz hitz egiten entzun behar ez izatea. Horretarako, joan gaitezen sektore publiko baterantz, gizarte-zerbitzuen arteko koordinazio hobea, lehen mailako arreta indartua eta zaintza espezializatu egokiak eskainiko dituena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak