Lapikoak prest dituzte dagoeneko Legazpin; izan ere, zapatuan, hilaren 21ean, jokatuko da Gipuzkoako erretiratuen sukaldari lehiaketa, eta bailarako ordezkaritza egongo da bertan. Eskualdeetako lehiaketak jokatu ziren hilabete hasieran, eta Bergarako San Joxepe elkartean jokatu zen Debagoieneko erretiratu elkarteen arteko lehiaketan, Antzuolako Landatxope elkarteko Jesus Zubikarai eta Txomin Dominguez gailendu ziren. San Joxepe elkartetik jaso zuten parte hartzeko gonbidapena antzuolarrek, eta, "kuadrillan sukaldari lanetan" ibiltzen direnez, lehiaketan agertzea erabaki zuten. Aitortu dute helburua ez zela "irabaztea", baina lehenengo saria jasotzearekin "oso pozik" amaitu zutela diote.
Valentziakoaren inbidiarik ez
Paella bat kozinatzea egokitu zitzaien Bergarako lehiaketako parte hartzaileei, eta, antzuolarrek "egunerokotasunean beste gauza batzuk" kozinatzen badituzte ere, lehiaketa irabaztea lortu zuten. Finalaren bezperan, badakite oraingoan ere paella bat kozinatzea egokituko zaiela eta dagoeneko eskuak berotzen hasiak dira, arroza eta gainontzeko osagai guztiak lapikora botatzeko.
Bergarako lehiaketan arroza eta oilaskoa izan ziren osagai nagusiak; oraingoan, berriz, ez dakite arrozaz gain zer beste osagai erabili beharko duten, baina badaukate euren paella apaintzeko eta zapore biziagoa emateko zenbait tresna: "Bergarara eraman genituen osagai berberak eramango ditugu: piper berdea, tipula eta barrengorri batzuk. Debagoieneko lehiaketan egin genuen paella berdin-berdina egitea da gure asmoa, baina batek daki nolakoa aterako den bihar".
Irabaztea "nekeza"
Bergaratik etxera eraman zuten garaikurra Zubikaraik eta Dominguezek, eta, Legazpin Gipuzkoako erretiratuen sukaldari lehiaketa irabazteko aukerak badituzte ere, euren helburua garaipena lortzetik haratago doa: "Han irabaztea oso nekeza izango da, eta, gu geu horretara bagoaz ere, ez da gure helburu nagusia. Izan ere, gu gurea egitera joango gara, paella bat nola egiten dugun erakutsi, gure estilora egin, eta ea gustatzen zaien. Gainontzean, inguruko eskualdeetako kideekin elkartu, kozinatu, solasaldiak egin eta, oro har, erretiratu guztien artean egun ona igarotzea da gure helburu nagusia".
Kontuak kontu, "urduritasunak alde batera utzi eta oso lasai" joango da Antzuolako bikotea Gipuzkoako sukaldari lehiaketako finalera, "bertan kozinatutakoa jateko eta egunaz gozatzeko helburuarekin".