Bartzelonan editore, erredaktore eta itzultzaile ibili ondotik, Euskal Herrira itzuli zen Irantzu Piquero (Itzubaltzeta, 1975). Landa inguruan finkatuta, "lurraldean ainguratuta egoteko" asmoz, besteak beste, fanzineak eta liburu ilustratuak argitaratzen dihardu, eta testuinguru horretan sortu du Hamaika erakusketa, makro-berriztagarrien aurkako borrokatzat. 18:30ean inauguratuko dute bihar, hilak 20, Olaranen, eta mahai inguru bat ere izango da tartean, Bargi eta Isuo musikariekin eta luntxarekin; irailaren 29ra arte egongo da ikusgai.
Zein da erakusketaren jatorria?
Bizitza erdia hara eta hona ibili ondoren, sentitzen dut bizi naizen lekua ez dela "nire etxea, nire lurra", baizik eta alderantziz: hari nagokio. Bada, uste horretan geunden, eta iazko apirilean Bortzirietako eta Malerrekako bailaretan aurreikusitako proiektu eoliko bati buruzko informazioa iritsi zitzaigun. Mobilizatzen hasi ginen, eta, Etxalarko herri plataforma eratzen parte hartu arren, libretik joatea erabaki genuen, Bartzelonako anarkismoaren mundutik baikatoz, eta gure erritmora joatea nahiago izan genuen. Horrela sortu zen Haizeak Bizirik.
Hor al dago erakusketaren lehen hazia?
Bai. Horrelako mehatxu bat zure bizitzaren gain oso traumatikoa da, eta, beraz, mehatxupean egon daitezkeen herriek erabiltzeko eta elkar laguntzeko materiala eta ekintzak sortzea pentsatu genuen.
Ugatz bat du oinarrian, ezta?
Fizon ugatza, hain justu. Gure zeruetan dabilen eta bizi den hegazti hori marrazten hasi nintzen. Euskal Herria, oro har, Europa eta Afrika arteko hegazti migratzaileen ibilbide nagusietako batean dago, eta lehendabiziko ideia zen serie bat sortzea hegazti horiek defendatzeko, euren bizitza arriskuan baitago haizen-sorgailuen inposizioagatik. 11 ilustrazio egin nituen, eolikoen aurkako 11 kartel bilakatuz, Jose Delicado diseinatzaile grafikoaren laguntzarekin. Bortzirietako eta Malerrekako herrietan jarri genituen.
Erakusketa, ordea, handitu egin da.
Kartelen ondoren, erakusketa ibiltari bat antolatu nahi izan nuen, eta 11 ilustratzailerekin kontaktatu nuen, guztiak ere egungo euskal ilustrazioan giltzarri direnak: Ainara Azpiazu, Aitor Espie, Antonio Cantero, Elisabeth Perez, Higinia Garay, Iban Illarramendi, Kike Infame, Maite Mutuberria, Miren Asian, Raisa Alava eta Ruth Juan. Haiek, euren ilustrazioekin, naturarekin duten loturaz hitz egiten digute, baita aerosorgailu horiek lurraldearen eta biztanleriaren, gure memoriaren eta etorkizunaren gain duten zentzugabekeriaz eta indarkeriaz ere.
Gainera, diziplina askotarikoa da.
Bai; esate baterako, Iñaki Sanchezen eskultura eder batzuk ditu, eta Karmele Martinen poesia. Hamaika izeneko liburuxka bat ere editatu dugu, baita haiku bilduma bat ere, Fertxu Izquierdorekin. Artisten elkartasunak hegoak ematen dizkigu eta itxaropenez betetzen gaitu.
Badira testigantzak ere.
Erakusketaren zatirik magikoena dira ahots horiek, euren bizipenak elkarbanatzen baitituzte, galdera bati tiraka: Zer sentitzen duzu horrelako mehatxu bat zure etxera, zure bizitzara, heltzean? Zerk lotzen zaitu lurraldera?
Horrela izango da Antzuolan ere, ezta?
Josebe Blanco dugu konplize. Haren estilo argi eta poetikoarekin, beraren testigantza partekatuko du. Judith Arriolabengoa eta Oihana Ameskua –Aramaixo Bizirik–, Beñat Aiastui –Meaka-Irimo herri plataforma– eta Beñardo Kortabarria –Antzuolako herritarra– izango ditu alboan mahai inguruan, gogoetarako espazio bat sortzeko.
Testigantza horiekin indartsu arbuiatzen dugu emozionalak izatea leporatzen diguten politikariek, energia enpresariek eta iritzi sortzaile sasi-ekologistek darabilten sasi-argumentu merkeen diskurtsoa. Plataformetatik makroberriztagarrien aurka gaude, eta lurraldea eta gure bizitzak defendatzen ditugu; argudioz beteta gaude, mundu osoko ikerketa zientifiko, soziologiko eta medikoetan oinarrituta. Alabaina, prentsa orokorrak ez du uzten gaiari buruzko benetako eztabaidarako espaziorik; bazterrean daude gure aldarrikapen eta argudioak.
Gailentzen diren diskurtsoen gain zeuena entzuna izatea nahi al duzue?
Komunikabideetako propaganda hain agresiboa ikusita, zur eta lur gaude. Eskuineko alderdiek Espainia Europako bateria bihurtuko dutela diote. Bitartean, hemen, ezkerreko alderdiek betetzen dute euskal prentsa gezurrez. Beldurra, mesfidantza eta nahasmena sortzen dute makroberriztagarrien gaiarekin, eta jendea onartezina dena onartzera behartu nahi dute herri askotan: euskal lurraldea eta gure bizitzak energia-enpresei saltzera. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu horri buruz aritzea.
Horretarako tresnatzat darabilzue artea?
Artea da propagandaren aurkako antidotorik onena; beraz, Hamaika lanari jarraipena ematen segitzeko asmoa dugu, dagoeneko Euskal Herriko hamalau herritan egon ondoren. Haizeak Bizirik-etik era horretako ekintza partekatuak sortu nahi ditugu, haize freskoa eraman borroka horretan dabiltzanei. Prentsa orokorraren eta edozein koloretako alderdi politikoen gezur-horma apurtzen ere lagundu nahi dugu.