Irailaren 17an, datorren martitzenean, egingo da urteko hirugarren odol ateratzea –azkena, hiru egiten baitira urtero: urtarrilean, maiatzean eta irailean–, Olarango beheko gelan, 16:45tik 20:45era, eta Arrate Arangurenek eta Ainitze Segurolak, Antzuolako Odol Emaileak taldeko partaideek, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei odol emaileetara batzeko dei egin diete, "belaunaldi aldaketa" beharrezkoa dela ohartarazita: "Jendea jubilatzen dabil, eta ez daukagu odol emaile berririk: 40 urtetik gorako jende asko dago, baina ez, ordea, gazteagoak".
Erronkatzat dute, beraz, odol emaile gazteak ateratzeetara gerturatzea, eurak animatzeko bidea zein den asmatu nahian dabiltzan arren: "Pentsatu izan dugu hitzaldiak egitea gazteak biltzen diren elkarteetan-eta, esate baterako, AKEn, edo kuadrilletan komentatzea... Izan ere, hitzaldiak egin izan ditugu Antzuola Herri Eskolako seigarren mailan, eta, beldurrez iristen diren arren, amaitutakoan, denek nahi dute 'handiak direnean' odola eman". Halere, ikasle horiek, oraingoz, ezin dute odolik eman, 18 urte eta 50 kilo baino gehiago izan behar baitira, gutxienez.
Eskatutakoa, beteta
Odol emaileen artean gazteak falta diren arren, ordea, oro har, Arangurenek eta Segurolak nabarmendu dute ez dutela arazorik izaten eskatzen dieten ateratze kopurua erdiesteko: "Urtean jartzen diguten odol ateratzeen zenbatekoa betetzen dugu; gutxi gorabehera, 56 ateratze inguru eskatzen dizkigute saio bakoitzeko, eta ia beti iristen gara 60ra". Hala ere, eskatutako kopurura ailegatzen diren arren, ohartarazpen bat egin dute: "Hemen, beste lurralde batzuetan ez bezala, odola jasotzea eskubidea da, baina eskubide horren atzean borondate bat egon beharra dago".
Hitzordua eskatu behar da
Odola ateratzera joan nahi izanez gero, ohi den legez, hitzordua eskatu beharra dago aurrez, eta, horretarako, 943-00 78 85 telefono-zenbakira deitu behar da ateratzearen egunean, goizez; kasu honetan, hilaren 17an.
Antzuolako Odol Emaileak taldeko partaideek, alabaina, ohartarazi dute badela berritasun bat hitzordua eskatzeko orduan: gotatanta.eus webgunea. Haien hitzetan, webgune horretan sartzea aski da hitzordua eskatzeko: Antzuolari dagokionez, bihartik astelehenera arte egin daiteke; alegia, hilaren 14tik 16ra. Gainera, hitzordura joateko arazoren bat izanez gero, baliogabetzeko aukera ere badago. Horrez gain, odola emateko bete beharreko baldintzak zeintzuk diren ere jasota daude azalpenen artean.
Horrez gain, odol ateratzeetako daten berri ez ezik, gerta daitezkeen aldaketen berri emateko asmoz Whatsapp talde bat sortzeko asmoa dute taldekideek, interesa duten herritarrek zuzenean jaso ditzaten berriak; betiere, norberaren pribatutasuna mantenduz.