Kontserbazioa eta zabalkundea helburu, Antzuolari buruzko hamazazpi lan digitalizatzen dabil Antzuolako Udala, Ane Leturia liburuzainak jakinarazi duenez: "Kontserbazioa, paperezko euskarria hondatu, galdu... egin daitekeelako, eta zabalkundea, edozeinek kontsultatzeko moduan egongo delako". Hain justu, gutxi gorabehera, abuztuko bigarren astetik aurrera izango da aukera hori, Udalaren webgunean.
Digitalizazio lanari dagokionez, Jose Valderray izeneko profesional bat dabil jardun horretan, eta honako hauek dira digitalean kontsultatu ahalko diren liburuak: Antzuolako Alardea. Mairuaren jaialdia; Antzuolako baserriak eta errotak; Antzuola 1900-1970. Antzinako argazkien bilduma; Antzuolako hizkera; Cesareo Gabarain; Antzuolako larru ontzea; Antzuolako ohitura zaharrak; Lurretik mahaira; Antzuolako trena; Maristak Antzuolan; Ura Antzuolan; Antzuola eta Aiherra, mugak zubi; Antzuolako Alardea. Ikerketa historikoa; Hezkuntza Antzuolan; Antzuolako armarriaren alardea; Memoria josten. Gatazka armatua Antzuolan 1958-2011; eta Antzuolako aditz-taulak.
Jarraitutako prozesua
Digitalizatu beharreko liburuak zehaztu zituzten, lehendabizi, aurrekontua gogoan; ondoren, batzar bat egin zuten egileekin, proiektua azaltzeko eta edizio digitalak CC BY-SA 4.0 lizentziapean argitaratzeko; azkenik, Valderrayk lanak digitalizatu ditu: PDF formatuan daude eta testuetan bilaketak egin ahal izango dira.