Udalekuetako ume eta gazteak izan dira gaur eguerdian eginiko inaugurazioan, udal ordezkariekin batera. Hain justu, iturriaren inguruko hitz batzuk esan ondoren, agurra dantzatu diote, eta iturritik banan-banan edan dute ura ondoren.
Kalebarrengo iturria zaharberritzeko erabakia hartu zuen Antzuolako Udalak, eta azken asteetan horretan aritu dira, kioskoko lanekin batera: harrizko oinarria eta barne-hodiak berritu dituzte, baita zati metalikoa ere. Horrez gain, bi arrain-buru zituen alboetan; bada, brontzezko hontz baten burua gehitu diote berrikuntzatzat aurrealdean, ura haren mokotik atera dadin.
Lanen arduradunak
Valen Moñux udal arkitekto teknikoak diseinatu du hontza, eta Zabalo Igeltserotza, Zabalo Iturgintza eta Azpeitiko Ona Montaiak galdaragileak aritu dira jardunean; hontzaren galdaketa, berriz, Avilesko (Asturias) Auriga etxeak egin du.