Herrietako jaiek biziraun behar badute, gazte jendea mobilizatzea baino hoberik ez dago. Antzuolako jaietan Kuadrillen Egunak ipini ditu gazte guztiak lehian. Kuadrillen arteko ginkanak joko tradizionalak berreskuratuko ditu aurten, "arrakastatsuenak" izaten direlako: lokotx bilketa, zaku lasterketa, harri jasotzea, txingak eramatea, giza proba eta arrautzaren jokoa egingo dituzte, besteak beste.
Ginkanan parte hartu gura duten taldeek sei partaide izan behar dituzte, gutxienez, eta, adinez, DBH-1etik gorakoak izan behar dute. Izena emateko azken eguna hilaren 16a da, kultura@ antzuola.eus helbidean. Taldekide baten izena eta telefono-zenbaki bat eman behar dira inskripzioa egiteko. Iaz zazpi taldek eman zuten izena.
Hainbat gunetan
Kuadrillen arteko ginkana 18:00etan hasiko da, Zurrategi plazan. Txarangaren doinuek lagunduta, hainbat proba egin beharko dituzte. Hainbat gune egongo dira, eta aurrez zehaz-
tutako jolasa edo jokoa egin beharko da horietako bakoi tzean. Taldeak lana bukatzen
duenean hurrengo gunera pasako dira. Gakoa da ginkana osatzen duten ariketa guztiak ahalik eta denbora laburrenean egitea. Hori lortzen duena izango da txapelduna, eta 150 poltsikoratuko ditu. Abilezia eta koordinazio ona erakutsi beharko dute taldeek proba guztiak zuzen eta ondo egiteko. Ginkana amaitzen den orduaren arabera, bi talde onenen artean sokatira saioa egingo dute.
Herri bazkaria
Kuadrillen arteko jolasak hasi aurretik, askok herri bazkarian parte hartuko dute. Txartelak erosteko azken eguna gaur da, uztailak 12, Entradium.com plataformaren bitartez. Hiru menu mota daude aukeran: ohikoa helduendako, menu beganoa eta umeentzako menua. Ohikoak eta beganoak 22 euro balio dute eta umeenak, hamabi. Ikasleek prezio berezia izango dute –hemezortzi euro– ohiko menuan eta beganoan.