Ekiola Urretxu energia kooperatiba martxan da, "ingurune eta etorkizun jasangarriago baten alde" egiteko, eta bazkideak erakartzeko bidean da; hala, prozesu horretan parte hartzeko aukera izango dute antzuolarrek ere, instalazioak gaitasuna izango baitu 25 kilometroko erradioan dauden udalerriak hornitzeko, sustatzaileek azaldu dutenez: horien artean da Antzuola.
Instalazio fotovoltaikoko "proiektu komunitario bat" da Ekiola Urretxu, "familia eta negozioen energia beharrak asetzeko". Horretarako, 1,5 hektareako azalera izango duen planta fotovoltaikoa instalatuko dute Urretxun, eta 700 bazkide hartzeko aukera izango du, "etxebizitza edo establezimendu baten batez besteko kontratu baten argindar kontsumoa" kontuan hartuta. Hala, 1.800 pertsona inguru izan daitezke proiektu horren onuradunak; familiak ez ezik, enpresa txiki eta ertainak eta merkataritza eta ostalaritza establezimenduak.
Parte-hartzeko urratsak
Parte hartu nahi izanez gero, 1.500 euro inguru ordaindu behar dira hasieran. "Bazkideek urteko batez besteko kontsumo normal bat estaltzeko adina energia sortu ahal izango dute –2.200 kWh/urtea–, energia kooperatibaren kostu prezioa soilik ordainduta; hortaz, prezio justua ordainduko da, merkatuko prezioaren mendekotasuna murriztuz". Sustatzaileen hitzetan, proiektu "jasangarria eta interesgarria" da, hiru arrazoirengatik: "Ekonomikoa, jasangarria eta kooperatiboa delako".
Plazak, ordea, mugatuak direla ohartarazi du Antzuolako Udalak, eta informazio-bulego bat irekiko dutela irailetik aurrera, proiektuaren berri gehiago emateko; orduan emango dute ordutegien berri ere.