Unax Errasti: "Ondo sentitzen naiz azkenaldian; aurrean egon naiteke lasterketan"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 12a, 17:32

Unax Errasti txirrindularia denboraldi honetako lasterketa batean. Irudia: Karlos Baleztena.

23 urtez azpikoen kategorian dihardu denboraldi honetan Errastik; ingurukoengandik ikasteko baliatu du esperientzia. Antzuolan izango da etzi, Iñaki Lete memorialean.

78. Antzuola Saria jokatuko dute domekan, hilak 14, eta parte-hartzaileen artean izango da Unax Errasti txirrindulari antzuolarra (Antzuola, 2005). Lehen aldia du lasterketa horretan.

Prest al zaude?

Denboraldiaren zati handiena egin dugu, eta udako lasterketak hastear dira. Domekan herrikoa dugu, eta uste dut ondo iritsi naizela. Denboraldian zehar kategoria horretara moldatzen aritu naiz, eta azkeneko lasterketekin gustura gelditu naiz; momentu onean iritsi naiz. Gogoz nago.

Herrian da, gainera; berezia al da?

Herrian lehiatzea beti da berezia, ingurukoak etortzen baitira ikustera. Txikitatik ikusi dudan lasterketa bat da, gainera, eta, beraz, ilusio handiarekin hartzen dut.

Zer espero duzu lasterketatik?

Lasterketa gogorra. Euskal Herriko karreretan beti egoten da partaidetza oso ona, eta hemengoa ez da gutxiago izango. Nire helburuari dagokionez, uste dut aurrean egon naitekeela; azkenaldian ondo sentitzen naiz, eta ea aurrealdeko lehian egoteko gai garen.

Ibilbidea ezagutzen duzu; nola aritzen zara teknikoki?

Uste dut nahiko ondo datorkidan lasterketa bat dela; neure burua nahiko ondo ikusten dut aldapa gora. Deskargako bi igoerekin eta Asentziokoarekin gogorra izango da, eta mendate horietan erabakiko da lasterketa.

23 urtez azpikoetan diharduzu denboraldi honetan, Eibar taldean; zer moduz doakizu denboraldia?

Oso gustura nabil. Taldeak aukera handiak ematen dizkigu, eta egutegi polita gabiltza osatzen. Konfiantza ematen digute, inongo presiorik gabe. Nik uste dut denboraldia nahiko ondo doala. Gazte maitatik kategoria honetara igarri dut saltoa: asko igo da tropelaren batez besteko maila, baina, poliki-poliki, lasterketetara, distantzietara eta ibilbide berrietara ohitzen nabil.

Urtea ingurukoen esperientziatik ikasteko izango zela esana duzu...

Bai, eta helburu hori ondo ari naiz betetzen. Nire lekua egin dut, eta denboraldi erregularra egiten ari naiz. Taldekide, entrenatzaile eta aurkariengandik asko ari naiz ikasten.

Izan al duzu une gogoangarririk?

Bat baino gehiago. Esaterako, Espainiako Kopan izan ginenean asko ikasi nuen, eta berdin Gorlako Igoeran; berezia izan zen niretzat, ia-ia etxean nengoelako. Nafarroako Itzulia ere asko gustatu zitzaidan, aurreko kategoriarekin alderatuta maila bat handiagoa baitzen.

Zer espero duzu denboraldiaz?

Datorren urterako esperientzian balio izatea aurrerapausoak emateko.

Txirrindularitzan jarraitzeko asmoa duzu, beraz?

Urte hau oso polita ari da izaten, eta asko nabil gozatzen; beraz, bai: datorren urtean ere txirrindularitzan jarraituko dut, dudarik gabe. Eta modu berean disfrutatzen jarraitzea espero dut aurrerantzean ere.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak