Ia hamarkada bat pasa da Debagoieneko ziklista bat Antzuolako Sariko podiumera azkenekoz igo zenetik. 2015ean Mikel Aristik lortu zuen hori, eta urtebete lehenago Eneko Lizarraldek beste horrenbeste egin zuen; bi edizio haietan bi bergararrak podiumeko hirugarren koskara igo ziren. Domekan, Iñaki Leteren oroimenezkoan Antzuolako irteera puntuan 09:10ean egongo diren Aimar Madina oñatiarrari (Caja Rural) eta Unax Errasti antzuolarrari (Eibar Txirrindulari Taldea) gauza bera egiteko eskatzea askotxo da. Horiek dira lasterketan Debagoiena ordezkatuko dutenak, Oñatiko Aimar Erostarbe (Caja Rural) Madrilgo Itzulian izango da-eta. "Taldean baja dezente izan ditugu azkenaldian eta txirrindularien egutegietan moldaketa batzuk egin behar izan dituzte. Erostarbe Antzuolako lasterketan egotekoa zen –Euskalduna Sarian hirugarren dago–, baina Madrilen lehiatuko da egunotan", adierazi dio GOIENAri Aimar Madina taldekideak.
Madinak berak ere aste betea izango du hau, domekako hitzorduaren aurretik Arrateko Igoera izango du-eta zapatuan: "Egun beteak izango dira, bai. Ea asteburuan sentsazio onak izatea lortzen dugun, Arraten eta Antzuolan lehiatu ostean Zamorako Itzulira joango naiz jarraian. Zamoran bost etapako itzulia izango dugu; lehenengoan erlojupekoa izango da, Ricobayon, eta gero, beste lau etapa".
Errastik debuta etxean
Ziklista antzuolarrei dagokienez, berriz, duela gutxira arte dortsala janzten ibili den Aritz Kortabarriak utzi duen hutsunea beteko du beste antzuolar batek, Unax Errastik. Eibarko taldeko ordezkariak debuta egingo du etzi etxean, eta joan den urtean erakutsi zuen ez dela etxeko zaleen aurrean lehiatzeagatik itotzen den horietakoa, gazte mailako Uzarragako Igoeran azkarrena izan zen eta. Baina hau amateur maila da, Errasti lehen urteko ziklista da, eta Lehendakari Txapelketan 27 urtera arteko ziklistak batzen dira, maila eta esperientzia handikoak. Eta, hala ere, Errasti oso urte polita egiten dabil kategoriako lehenengo urtean. Baina hori ez da batere ohikoa. Aimar Madinak ondo daki zelakoa den amateur mailako lehenengo urteko sufrikarioa: "Saltoa handia da, bai. Iaz sufritu egin nuen, ez nuen nahi moduko urtea egin, baina aurten igartzen dut beste maila batean nabilela, eta askoz hobeto ikusten dut neure burua. Hainbat lasterketatan hogei onenen artean iritsi naiz helmugara, eta gehiago gozatzen nabil; lehenengo urtea kategoria berrira egokitzekoa izaten da. Lasterketak gogorragoak izaten dira, distantziak, abiadura, taldeko lana ezberdina izaten da...".
Antzuola ez da Zamora
Datozen egunotan izango dituen bi hitzorduak alderatu ditu Madinak, eta erabat ezberdinak dira. "Zamorako etapak gorabeheratsuak izaten dira, baina han gehiago izaten da erritmoa kontrolatu eta taldearen aginduetara lan egitea. Antzuolan bestelako kontu bat izango da; lasterketa gogorra da. Lehenengo kilometroetan nire lana izango da Deskarga aurreko lautadako kilometroetan ihesaldi saiakerak saihestea. Gero, Deskarga aurrealdean pasatzen saiatuko gara, eta orduan beste lasterketa bat hasiko da. Ea aldapa gora sentsazio onak ditudan; aurrean ibili nahiko nuke, horrek aukera emango lidakeelako Deskargako bigarren igoerara eta Asentziora aukerekin iristeko".
Hain zuzen, asteburuan hasiko duten Lehendakari Txapelketan Antzuolako sariari Leintz Gatzagakoak hartuko dio erreleboa, uztailaren 21ean. Eta Aretxabaletakoa –abuztuak 16– eta Oñatikoa –irailak 17– etorriko dira gero.
Asteburuan Arrate eta Antzuola, biak bailaran barrena
Asteburuan hasiko dute Lehendakari Txapelketa, Arrateko Igoerarekin zapatuan eta Antzuolako Sariarekin domekan. Eta bi lasterketetan ziklistek Debagoieneko errepideetan kilometro asko egingo dituzte. Zapatuan Eibarren jokatuko duten lasterketan, 10:00 aldera Zubillaga eta Maltzaga artean ibiliko diren automobil gidariek pazientzia apur bat izan beharko dute, baita 12:00ak eta 12:30ak bitartean ere, ziklistak kostaldera joango badira ere etapa amaitu aurretik –Arrateko monasterioan– kilometro batzuk berriz Maltzaga eta Zubillaga artean egingo dituzte eta.
Domekan, 09:10ean, berriz, Antzuola eta Bergara artean egingo dituzte lehenengo kilometroak, eta, Deskarga birritan igo –09:50ean eta 10:50etan– eta Udana birritan jaitsi ostean, Asentzio igoko dute 11:45ean, eta Elgetatik Antzuolara joango dira ziklistak, (12:20) aldera.