Etzi inauguratuko dute kioskoa, kontzertuekin

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 5a, 12:52

Zurrategiko kioskoaren eraberritze lanak atzo. Irudia: A.R.K.

Apirilaren amaieran hasi zituzten kioskoa eraberritzeko lanak, eta aurreikusitako epean dira bukatzear. Amustei eta Lemak taldeen kontzertuekin inauguratuko dute domeka arratsaldean; datorren astean, berriz, Ki.imak eta Azkaiter Pelox izango dira.

Etzi, hilak 7, inauguratuko dute Zurrategiko kiosko eraberritua, eta kontzertuak izango dira. "Kioskoak herrian duen garrantziarengatik eta egindako aldaketarengatik erabaki genuen merezi zuela inaugurazio txiki bat egitea", adierazi du Aritz Igeltz Hirigintza zinegotziak. Bergarako Amustei taldea izango da oholtza gainera igotzen lehena, 19:00etan; ondoren, 20:00etan, Lemak taldearen txanda izango da. Bi bergarar eta antzuolar bat –Antxon Arregi Iturbe– dira taldekideak eta ekainaren hasieran argitaratu zuten Bizi zauri bizi, bi lore txiki, bi harribitxi izeneko lana; hori aurkeztuko dute domekako zuzenekoan.

Hain justu, apirilaren amaieran hasi zituzten kioskoa eraberritzeko lanak, espazioa erabilgarriagoa bihur zedin, Igeltzen hitzetan: "Estetikoki polita geratzeaz gain, multifuntzionala izatea da helburua; hau da, edozein ekintza egiteko prestatuta dago: antzerkiak, kontzertuak, dantzak, elkarretaratzeak... Eta, horretarako, kioskoa handitzeko aukera izango da". Izan ere, egindako lanei dagokienez, zabaldu egin dituzte jatorrizko eskailerak, eta bederatzi metroko ahoa du agertokiak plazarantz; gainean oholtza bat jartzeko aukera du puntualki, esate baterako, herriko jaietan.

Ez da, ordea, egin duten lan bakarra izan: kioskoaren alboetan zeuden loreontziak eta baranda zaharrak kendu dituzte, eta arinagoak eta desmuntagarriak diren barandak jarri dituzte. Horrez gain, kioskoa norabide guztietatik ikusteko moduan erabili daitekeela adierazi du Igeltzek, eta toldo batzuk ere instalatu dituztela babestuta egon dadin. "Toldo horiek antzokiko kutxa beltza deritzona ahalbideratuko dute".

Lanak aurreikusi bezala

Lanak aurreikusi bezala amaitu dituzte: "Teknikoki ondo joan da, eta jarritako epeetan sartu gara, uztailaren 7rako amaitzeko konpromisoa hartu baikenuen. Zurrategiko bizilagunen laguntza handia ere izan dugu, hainbat astez lurpeko garajeak ez erabiltzeko pazientzia izan baitute". 120.000 euroko aurrekontua izan dute lan guztiak egiteko, eta Goizperrek egindako ekarpena nabarmendu du Hirigintza zinegotziak.

Gainera, aldi berean, Zurrategiko plazako lur zorua garbitu eta Kalebarrengo iturria berritu dute. Are gehiago, jaietako lehen egunean inaugurazio xume bat egiteko asmoa dute "hainbeste" maite den iturriari: "Sorpresa bat ere egongo da iturria eta honi lotuta dagoen Antzuolako pertsonaia batekin. Hala ere, hor uzten dut...".

Uztailaren 14an ere musika

Inaugurazioa, ordea, ez da egun bakar batera mugatuko, uztailaren 14an ere kontzertuak izango baitira. Antzuolako Ki.imak taldea igoko da lehenbizi oholtzara: Ainhoa Etxezarretak eta Nahia Garaikoetxeak osatzen dute, eta euren lehen lan laburra grabatzen hastekoak dira uda amaieran. 19:00etan hasiko da, eta Azkaiter Pelox izango da ondoren agertokian.

Antxon Arregi: "Zuzeneko nahiko borobila landu dugu; gogoz gaude"


Arregi, eskuinetik lehena. Irudia: Lemak.

"Disko berriarekin lehenengo kontzertua izango da Antzuolan, eta badugu gogoa. Azken hilabeteetan landutako kantez gain, aurreko diskoko abesti kuttunenak ere eskainiko ditugu. Zuzeneko nahiko borobila prestatu dugu. Bergaran eta Zumarragan aurkeztu dugu, eta Antzuolako honekin eta Osintxun egingo dugun kontzertuarekin gertukoenen artean diskoa aurkeztutzat emango dugu. Irailetik aurrera beste data batzuk ixten saiatuko gara".

 

Ainhoa Etxezarreta eta Nahia Garaikoetxea: "Antzuolan inoiz jo gabeko kantuak eskainiko ditugu"


Etxezarreta eta Garaikoetxea, ezkerretik eskuinera. Irudia: Goiena.

"Oso gogotsu gaude herrian jotzeko, txikitatik ezagutu izan dugun kioskoaren inaugurazioan. Herritarren aurrean jotzea beti da berezia, eta, gainera, Antzuolan inoiz jo ez ditugun kantu propio batzuk eskainiko ditugu; irailean gure lehen lan laburra grabatzen hasiko gara, eta barne izango dituen abesti batzuk aurkeztuko ditugu jendaurrean. Sorpresa bat ere izango da. Aurrerantzean, beste kontzertu batzuk emango ditugu Antzuolatik kanpo, baina entseatzea dugu helburu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak