Batzorde aldaketa izaten du urtero Arrola mendizale elkarteak, bi urtez batzordean egon direnek lekua uzten baitiete batzordekide berriei, beste bi urteko epean elkartearen egunerokoan lanean aritzeko. Hala, Larraitz Berraondo, Mariñe Etxaniz, Unai Kortabarria eta Jon Fernandez herrikideek lekukoa pasa diete Txomin Arzallusi, Ione Larrañagari, Julian Ramirez de Okarizi eta Ainize Lizarralderi, batzorderako zozketaz hautatutako bazkideei. Horiek, ordea, ez dute hutsetik hasi beharko, alboan izango baitituzte jada urtebeteko esperientzia duten Alazne Jauregi, Ander Arbulu eta Miren Karmele Iparragirre.
Hain justu, pasa den eguaztenean, ekainaren 19an, egin zuen urteko batzarra Arrola mendizale elkarteak, eta orduan eman zuten batzordearen eraketaren berri, aurrerago egingo duten bileran zehaztuko dituzten arren batzordekide bakoitzak izango dituen ardurak.
2023ko ekintzen berri ez ezik, 2024ko lehen seihilekoan eginikoak ere izan zituzten oinarri batzarrean, eta, batik bat, parke naturaletara eginiko irteerek izandako arrakasta nabarmendu zuten: herritar talde baten ekimenez, Euskal Herriko natura parkeak ezagutzeko irteerak egiten dituzte hilero-hilero, eremu horien "ezaugarri nabarmenenak" ezagutzeko; esate baterako, uztailaren 13an, zapatua, izango da hurrengoa, Aiako Harria ingurura. Horrez gain, datozen ekintzei dagokienez, iragarri zuten iraileko asteburu batean Pirinioetara joateko asmoa dutela, eta Gaztelugainen iaz eginiko baba jana ere errepikatuko dutela.
Rokodromoa eta materiala
Rokodromoa ere hizketagai izan zuten batzarrean, batzordekideak kezkatuta baitaude haren funtzionamenduarekin. Haien arabera, elkarteak badu diru partida bat horretarako zehaztuta, baina, hein batean, rokodromoko erabiltzaileen beharra dute diru hori zertan inbertitu zehazteko. Iaz talde bat sortu zuten propio horretarako, eta urrats batzuk egin zituzten; bada, elkarteak era horretako mugimendu bat jarri nahiko luke martxan. Gai hori aztertuko dute, beraz, ikasturte honetan zehar.
Horrez gain, jakinarazi zuten mendian erabiltzeko materiala erosi dutela, hala nola kranpoiak, kaskoak eta pioletak, eta argi dute herritarren eskura –bazkideek, agian, abantaila batzuekin– jarri nahi dituztela; alabaina, zehazteko dute zein izango den horretarako bidea.