Beste urte batez, hutsik egin gabe, bueltan dira Kalebarrengo jaiak. Gaur hasi eta etzi arte zenbait ekintzaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, eta horien artean badira berritasun batzuk. "Aurten, haurren danborradaren ordez, umeen sagar dantzarekin emango diegu hasiera jaiei, zapatu gauean egiten denean parte hartzeko gogoa izaten baitute gaztetxoenek; hala, horretarako aukera hau eman nahi diegu, Kalebarrengo jaietako bereizgarrietako bat baita", adierazi du Saioa Zabalok, Kalebarrengo Jai Batzordeko kideak, azpimarratuta biharko –hilak 22– sagar dantzan 13 urtetik gorakoek izango dutela parte hartzeko aukera.
Hain justu, gaur arratsaldean izango da haurren sagar dantza, 18:30ean, eta merienda izango dute amaitutakoan. Ondoren, herri afaria, bingo musikatua, karaokea eta aulki jokoa izango dira gauean zehar.
Zapatua, indartsuena
Zapatua izan ohi da egunik indartsuena, ordea, jai horietan, eta horrela izango da aurten ere. Umeendako jokoak eta bizikleta ginkana –Peña Aiastui elkartearen eskutik– izango dira goizean, eta buruhandiak, arbola jasotzea, Antzuolako txaranga –herrian bigarren emanaldia egingo du–, Emaion erromeria taldea eta sagar dantza, berriz, arratsaldetik aurrera. "Iluntzeko zortzietan jasotzen da arbola, baina 15:00ak aldera elkartzen gara bila joateko, trikitiarekin eta panderoarekin batera. Kasu honetan, mutilak gehiago izaten dira, eta, beraz, dei egin nahiko genieke neska-mutilei etortzeko, giro polita sortzen da eta". Igandean, azkenik, txistulariak, haurren dantza saioa, salda eta txorizoa eta pailazoak izango dira.
Horrez gain, Zabalok erantsi du aurtengo jaietarako zapiak izango dituztela salgai, hiru eurotan, eta Gorosti eta Aitz Garbi tabernetan daudela eskuragarri. Are gehiago, auzotarrei loreontziak lotzeko dei ere egin diete batzordekideek, umore puntu batekin, urteetan "tradizioa" izan baita loreontziak lekuz aldatzea.
Batzordearen osasuna
16 eta 23 urte arteko auzoko hamabost pertsona inguruk osatzen dute gaur egun Kalebarrengo Jai Batzordea, belaunaldi aldaketa izaten baitu sarritan. Zabalok azaldu duenez, neskek osatzen dute taldearen gehiengoa, eta jaietarako "prest eta gogoz" daude guztiak, antolakuntzan ere "ongi" baitabiltza. Hala ere, batzordean parte hartzeko dei egin diete auzotarrei: "Kalebarrengo gazteei batzordera batzeko esan nahi diegu, jende gehiagorekin lana errazago egiten baita".
Egitaraua, egunez egun
Hilak 21, egubakoitza
- 18:30 Umeen sagar dantza; amaitzean, merienda.
- 21:00 Herri afaria, bakoitzak berea eramanda; ondoren, bingo musikatua eta karaokea.
- 00:00 Aulki jokoa.
Hilak 22, zapatua
- 10:30 Umeendako jokoak.
- 12:00 Ginkana.
- 18:00 Buruhandiak.
- 20:00 Arbola jasotzea; ondoren, Antzuolako txaranga.
- 23:00 Emaion erromeria taldea.
- 00:00 Sagar dantza; ondoren, erromeria.
Hilak 23, domeka
- 10:00 Txistularien diana.
- 12:00 Oinarin dantza taldekoen dantza saioa; ondoren, salda eta txorizoa.
- 17:00 Zapotxin pailazoa.