Mikel Sarriegi: "Antzuolako dantzatzeko era molde zaharrekoa da"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko eka. 14a, 14:32

Mikel Sarriegi dantzari eta ikertzailea, joan den astelehenean, Antzuolan. Irudia: Goiena.

Ikertzailearen hitzetan, beste leku batzuetan dauden aurrekari zaharrekin "oso ondo" lotzen da Antzuolako dantzatzeko era: aniztasun "handia" du nortasunean gordea.

Dantza tradizioan ahozko transmisioak duen garrantzia azpimarratu du Mikel Sarriegi dantzari eta ikertzaileak (Beasain, 1965), eta horiek jasotzeari funtsezkoa deritzo. Hala, Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburua ondu du azken 25 urteotan, eta, tartean, Antzuolako dantzatzeko era jaso du. Horren berri emango du bihar Torresoroan, mintegia egingo baitu 10:00etatik 13:30era.

Dantza-maisu zaharrekin aritu zara; zer jaso duzu?

Joxe Alberto Andres etorri zitzaidan proposamenarekin, Aranzadiko etnografia taldeko kidea. Goierrin egin nituen lehen elkarrizketak; esan ohi da Ordiziatik abiatu zela jakinduria Donostiara, Juan Inazio Iztuetaren eskutik. Gipuzkoako dantza egiteko modu ofizialtzat ezagutzen da hori, baina elkarrizketak egitean ohartu nintzen duela 200 urte Goierrin ezagutzen zena eta Donostiakoa ez direla erabat berdinak.

Aldaketak izan al ditu?

Tiraka hasi, eta ikertzeko eremua zabaldu nuen, derrigorrean, eta orduan konturatu nintzen oso baliotsuak ziren zenbait punturekin Iztuetatik honantz zer gertatu den ulertzeko, eta lurpeko material pila bat sortu zen orduan. Horrek balio izan du, alde batetik, Gipuzkoako dantza talde gehienek estandarizatuta dugun Donostiako dantza sistemaz jabetzeko, eta, bestetik, ikusteko horren ondoan, paraleloan, dantza maisuekin mugarritu dugun lana. Hor bada oinarri bat elementu komun asko dituena azpian, erro bertsua duten sistema bat; zenbait eremutan, gainera, horren gaineko informazio baliagarriagoa eta aberatsagoa dago, eta horietako bat da Antzuola.

Zer du Antzuolako dantza sistemak?

Antzuolak, bere neurrian, oso ondo mantendu du dantzatzeko era; baita dantza batzuk ere. Dezenteko fidagarritasuna du oso modu zaharra dela aipatzean, beste leku batzuetan dauden aurrekari zaharrekin oso ondo lotzen delako: batetik, oinarrizko sistemako osagai asko ditu, nolabait urtuta edo galduta geneuzkanak; bestetik, dantza eskolak bereiz ditzakegu Gipuzkoan dantzatzeko eraren arabera, eta hor nabarmena da Antzuolakoa oso aberatsa dela, haren nortasunean gorde duena aniztasun handikoa baita.

Aniztasuna?

Mugimendu unitateez –pausoa– dihardugu aniztasunaz jardutean; dantzatzeko hiztegia edo gramatika ere deitu izan diogu; alegia, ez dira dantzak, baizik eta dantzatzeko erak: bata gramatika da eta bestea hizkuntza. Antzuolako kasuan, aipatu bezala, dantza arauen ezaugarriengatik, oso molde zaharrekoak dira, eta horrek ekarpena egiten du mugimenduen hiztegian, hemengo dantzetan bakarrik aurkitu baititzakegu: trokeo eta soka dantzetan.

Norekin izan zara Antzuolan?

Elkarrizketak egin dizkiet antzuolarrei ahozko testigantzak jasotzeko: Felix Agirre eta Felix Larrea izan dira adinez zaharrenak, eta ondoren, Jon Legorburu, Ion Lizarazu eta Gorka Garitano dantzariekin ere izan nintzen. Horrez gain, laguntzaile izan nuen Iñigo Ramirez de Okariz historialaria ere bai, nahiz eta dantzaria ez izan.

Zer izango duzu xede mintegian?

Egiten diogunari balioa ematea, egiten duguna nondik datorren eta zergatik egiten den azaleratzea; ezkutuan dagoen altxorra ikusaraztea. Horrek ondasun immateriala jasotzen laguntzen du, dantza immateriala eta efimeroa baita. Teorikoa izango da hori, baina praktikoa ere egongo da, hitzez kontatuko dudan hori guztia modu praktikoan erakutsi ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak